Ikasleak ere, emakumeenganako indarkeriaren kontra

Uztarria.eus 2018ko aza. 23a, 16:35

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Urola Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko DBHko dozenaka ikaslek kontzientziazio kanpaina egin eta argazki jendetsua atera dute emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Ikastetxeetako Autoantolaketa taldeak aritu dira gaur egin dituzten ekintzak prestatzen, eta beraiek arduratu dira indarkeriaren kontrako gaiaren inguruko lanketa egiteaz. Modu horretan, ikastetxeetako Autoantolaketa taldeetako kideak, azken egunetan gelaz gela pasatu dira gainerako ikasleei indarkeria matxistaz galdetzera eta gaiaz informazioa ematera. Esaterako, aurten indarkeriaz hil dituzten emakumeen kopuruaren berri eman dute ikasgeletan. Emakumeenganako indarkeria salatzeko egindako ekintzekin bukatzeko, beltzez jantzita, argazkia atera dute hiru ikastetxeetako dozenaka neska-mutilek. Zenbait irakaslek ere bat egin dute ikasleen ekimenarekin.