Bihar bukatuko dira Euskal Antzerki Topaketak, 'Martin Zalakain' ikuskizunarekin

Uztarria.eus 2018ko aza. 23a, 16:03
'Martin Zalakain' ikuskizuneko irudia. (Martin Zalakain)

Dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna da Martin Zalakain, eta ikusle helduei nahiz gaztetxoei zuzendutakoa da. 21:30ean hasiko da emanaldia, eta leihatila ordubete lehenago zabalduko dute. Juan Antonio Urbeltz da ikuskizunaren zuzendaria, eta taula gaineko zuzendaritzaz Ander Lipus arduratu da.

Bihar, zapatua, bukatuko dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketak, Martin Zalakain ikuskizunarekin. Dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna da Martin Zalakain, eta ikusle helduei nahiz gaztetxoei zuzendutakoa da. Emanaldirako ehundik gora sarrera saldu dituzte dagoeneko, baina oraindik eros daitezke Azpeitia.eus webgunean aurrez, eta bihar Soreasu antzokiko leihatilan. 21:30ean hasiko da emanaldia, eta leihatila ordubete lehenago zabalduko dute. Helduek bost euro ordaindu beharko dute sarrera, eta haurrek hiru euro.

Honako hau da ikuskizunaren sinopsia: "Bere patuari ihes egin ezin dion abenturazalea da Martin Zalakain. Pio Barojaren lanik estimatuenetakoa den eleberri hau, western karlistatzat jo daiteke kasik: mendiko ibilerak, maitasunaren hasi-masiak, estraperloaren estuasunak... Tabernako beroaldien lekuko izango gara, ezagutuko ditugu gerrako trantze gordinak eta bideetan barrena topatutako adiskidantza zintzoak zein aliantza interesatuak. "Bizirik nago, baina barruan dudan bizitza erabili ezean, usteldu egiten zait", dio Martinek, arriskuen ezaxola, sasiaren lagun. Gozotik eta tragikotik, bietarik du asko Zalakainen bizitzak. Ez du ekintzarik falta, ez eta ospakizunik ere. Heroiaren kasta eta katarsiaren aldarria hain bere dituen nobela batek, izan ote dezake dan-tzaren bidezkoa baino taularatze hoberik?".

Juan Antonio Urbeltz da ikuskizunaren zuzendaria, eta taula gaineko zuzendaritzaz Ander Lipus arduratu da. Idazkeraren ardura Harkaitz Canorena izan da, eta Urbeltz bera izan da koreografoa. Hainbat dantza taldek parte hartzen dute ikuskizunean, hala nola Argia (Donostia), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze), Elai Alai (Portugalete), Arkaitz (Añorga), Astigar (Astigarraga) eta Gure Kai (Deba). Aktore lanetan, berriz, Ander Lipus ariko da.