Begotxu Olaizola: "Epaiketan, lotsarazi egingo dugu Espainia"

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 23a, 11:25
Begotxu Olaizola.
Naziogintza taldeak antolatuta, Begotxu Olaizola (Donostia, 1964) ANC Euskal Herriako kideak Kataluniako prozesua. Eta orain, zer? hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Baigerako aretoan.

Katalunian, orain, zer?

Konplexua da galdera horri erantzutea, Katalunia urrats batzuk egiten ari dela eta historian ez dagoela han gertatzen ari denaren beste adibiderik jakinda; izan ere, Katalunia modu baketsuan eta demokratikoan ari da saiatzen Espainiarekin banatzea, baina estatu hori ez da batere demokratikoa, eta ez du erakusten elkarrizketarako inolako jarrerarik. Beraz, oso zaila ari da izaten prozesua.

Abenduaren 21ean urtea beteko da Katalunian hauteskunde gogor haiek egin zirenetik. Ordea, alderdiek, gobernuak eta parlamentuak ez dute urrats eraginkorrik egin Katalunia errepublika independente izan dadin. Hitzetatik ekintzetara pasatu daitezela eskatzen diegu haiei; abenduaren 21erako dei egin diegu, baina horiek autonomismoan pentsatzen eta hauteskunde kanpaina prestatzen ari dira. Zoritxarrez, ez dugu uste ezustekorik emango digutenik. Zain gaude, eta ANC ari da abenduaren 22tik aurrerako ekintzak prestatzen. Iazko urriaren 1ean, herritarrek, erakundeek eta politikariek erakutsi zuten sinkronizaziora eta batasunera itzuli behar dute.

Erabat blokeatuta al dago prozesua?

Ez dago geldirik. Agian, ez du lehen zuen kemenik, eta, beraz, bide berriak bilatu behar dira. ANCn primarioak antolatzen ari gara, ikusten dugulako alderdietatik kanpo egin behar dugula aurrera. 2015ean, bere burua hauteskundeetara aurkeztu zuenak ez zuen inondik inora espero Espainiako estatuarengandik jasoko zuen krudelkeria eta errepresio maila. Baina iazko hauteskundeetara aurkeztu zenak garbi zuen zer munstro zuen aurrean. Pertsona horiek orain ez badaude prest errepublika eraginkorra egiteko eta behar diren pausoak emateko, beste batzuei utzi behar diete lekua. Horregatik ari da ANC primarioak egiten, politikariak ez diren pertsonak aurkez daitezen udal hauteskundeetara. Horrez gain, Europara begira ere bide hori jorratzeko eztabaida dugu mahai gainean.

Zer giro dago Katalunian? Ba al dago atsekabe sentipenik?

Hasieran, atsekabea zen nagusi, baina sentimendu hori gainditzen joan da. Gizartea indartu egin da, eta giza kapitalak bere horretan jarraitzen du. Iazko galdeketa izugarria izan zen, eta hortik kapital bat sortu zen. Ez da erabat xahutu, baina zerbait egin behar da. Gizartea atsekabetuta dago, baina jendea gogorragoa ere bada orain. Gertatutakoa eta gero, herritarrak orain ez dituzte hain erraz engainatuko. Gizarteari ez zaio nahikoa iruditzen erakundeek keinuak egitea; beste zerbait eskatzen du.

Fiskaltzak 25 urte arteko zigorra eskatu du Kataluniako kontseilari ohientzat.

Argi dago Espainiako justizia zenbaterainoko partziala den, eta mila adibide daude ikusteko ez dagoela ez justiziarik, ezta botere banaketarik ere. Zigorrei dagokienez, Espainiarengandik ezin genezakeen beste ezer espero. Esatera noana krudela da: epaileak ebatziko balu auziperatuei urte gutxiko kartzela zigorra ezartzea, auzipetuak errugabeak diren mezua zabalduko litzateke, eta Espainiari hori ez zaio komeni.

Hemen ez dago errudunik. Galdeketa egitea ez da krimen bat, eta gauza bakarra onartuko dugu: epaiketarik ez egitea. Europak berak esan du ez dagoela deliturako kausarik. Espainiak matxinada karguak asmatu behar izan ditu eta galdeketaren egunean Poliziak sartu behar izan zuen indarkeriazko irudiak egon zitezen. Espainiako Konstituzioa aintzat hartuta ere, erreferenduma antolatzea ezin da auzipetu.

Jordi Cuixartek –Omnium Culturaleko burua– epaiketan erabiliko duen defentsarako lerroa izango da Espainiako Estatua salatzea. Haren demokrazia eta botere banaketa gabeziak salatuko ditu, eta ildo horretatik hitz egingo du. Salaketarako baliatuko du epaiketa, eta modu horretan jar dezakegu berriz erdigunean Kataluniaren afera; lotsarazi egingo dugu Espainia.

Zatiketarik egon al da independentziaren estrategia aurrera eramateko orduan?

Bai, egun ez dago batasunik. Baina gizarteak, alderdiek eta erakundeek eskutik joan behar dute, Espainia munstro handi bat delako. Estatuaren aparatuek izugarrizko indarra dute, eta ez badago harena baino indar handiagorik, zaila izango da langa hori gainditzea. Beraz, beharrezkoa da batuta egotea Kataluniaren independentziaren estrategia gauzatzeko.

ANC Euskal Herria taldeko kidea zara. Zein da zuen egitekoa?

Katalunian, herriz herri galdeketak antolatzen hasi ziren taldeak elkartu egin ziren, eta handik sortu zen ANC taldea, 2012an. Kataluniatik kanpo bizi ziren herritarrak ere nahi zuten prozesu hartan parte hartzea, pentsatzen zutelako zeuden lekutik zerbait egin zezaketela beraiek ere. Gaur egun, ANCren 40 talde daude atzerrian, eta Euskal Herrikoa izan zen lehenengoa. Gure egitekoa da, batez ere, iritzi publikoa astintzea eta Kataluniaren azken berriez informatzea, herritarrek begi onez ikus dezaten Katalunian egiten ari direna. Jendeak jakin behar du prozesua modu baketsuan eta demokratikoan egiten ari direla eta erabakitzeko eskubidea giza eskubide bat dela. Horrez gain, Katalunian egiten diren ekintzak gertutik jarraitu eta hona egokitzen ditugu. Finean, haien bidelagunak gara gu.

Eusko Jaurlaritza hasi da estatus politikoaren inguruko lanketa egiten, eta EAJ eta EH Bildu ados jarri dira oinarrietan. Zer ari da egosten?

Zerbait ari da egosten, eta horrek esperantzak ematen ditu. Baina berriz ere alderdien eskuetan dago kontua, eta hori da arazoa. Izan ere, politikan gertatzen dena honako hau da: orain zure alde nago, baina beste zerbaiten truke; bihar, akaso, haserretu egingo gara, eta orduan ez dut zure alde egingo. Beraz, mesfidantza ere sortzen dit horrek. Egia da gauza batzuk parlamentuan egin behar direla, baina horretarako alderdi politikoek oso lotuta egon behar dute. Euskal Herrian gizartea ahalduntzen ari da, eta hastapenean dago oraindik. Hor dago Gure Esku Dago: gizartea ahalduntzen saiatzen ari da, eta bide hori falta zaigu jorratzeko. Izan ere, gizartea ez badago indartsu, ez dago aurrera egiteko biderik.

Iaz, Euskal Herrian mobilizazio ugari egin zen Kataluniari elkartasuna adierazteko. Urtebetera, zer giro sumatzen duzu  herrialde horrekiko elkartasunari dagokionez?

Alderdiek deitzen dituztenean soilik aterako dira herritarrak kalera, eta hutsune bat daukagu Euskal Herrian. Horrez gain, herri nekatua gara, guk ere baditugulako gure aferak: Espainiaren legeak ezarrita kanpoan egon behar luketen presoak, Altsasuko auzia… Badugu historia luze bat, eta normala da nekatuta egotea. Gainera, gure jarrera erosoa da: barandatik ari gara ikusten nola doan zezenketa. Eta normala da hori ere; izan ere, Euskal Herrian ondo bizi gara, langabezia tasa txikia daukagu eta hori antzeman egiten da. Jendeari ez zaio gustatzen abenturetan sartzea, ez badaki behintza abentura horretatik hobeto aterako dela.