Herritarrek hondakinak gaika "hobeto eta gehiago" sailka ditzaten, sentsibilizazio kanpaina egingo du Udalak

Uztarria.eus 2018ko aza. 22a, 17:03
Aitor Bereziartua eta Leire Etxaniz zinegotziak, kontzientziazio kanpaina berria aurkezten. (Maialen Etxaniz)

Ekaineko datuen arabera, hil horretan bildutako hondakinen %76,40 jaso zuten gaika bereizita. Gaikako sistemak utzitako azken datuak "egokiak" diren arrean, emaitza "hobeak" lortu nahi ditu Udalak. Bide horretan jarriko dute martxan Ondo goaz, hobeto dezagun kanpaina. Horretarako, eskuorriak banatu eta informazio mahaiak jarriko dituzte herriko zenbait txokotan. 

Bederatzi hilabete dira txipdun txartelaren bidez hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zutenetik. Ekaineko datuak dira orain arte jaso dituzten azkenak, eta horien arabera, hil horretan bildutako hondakinen %76,40 jaso zuten gaika bereizita. Orain arte jasotako emaitzak positiboak dira Udalaren aburuz, baina posible ikusten du datu "hobeak" lortzea. Horregatik, herritarrak hondakinak gaika sailkatzearen garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina abiatuko du Udalak, Ondo goaz, hobeto dezagun lelopean. Datorren astean hasiko dira kanpainarekin. 

Leire Etxaniz zinegotziak azaldu duenez, martxan jartzear diren kanpainaren helburua da "herritarren kezkak ezagutzea, haien iritziak jasotzea eta zalantzak argitzea", Azpeitiko bizilagunek hondakinak "modu egokian" sailka ditzaten. Horretarako, Azpeitiko etxe guztietara eskuorriak banatuko dituzte eta bandoak jarriko dituzte etxe atarietan. Horrez gain, herriko hainbat txokotan informazio postuak jarriko dituzte. Bertan, hondakinen inguruko informazioa eskeiniko diote herritarrei. Era berean, konposta egiteko poltsa txiki bat nahiz lore bat emango dizkiete informazio mahaietara bertaratzen direnei. Honako leku eta ordu hauetan jarriko dituzte informazioa emateko postuak:

  • Azaroaren 27an, azokan (goizez).
  • Azaroaren 30ean, Sanjuandegin (arratsaldez).
  • Abenduaren 4an, anbulatorio aurrean (arratsaldez).
  • Abenduaren 14an, plazan (arratsaldez).

Herritarren jarrera, "txalogarria"

Hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik gaur arteko datuak ikusita, herritarrak zoriondu eta txalotu ditu Udalak, "pauso handia" eman dutelako denbora gutxian. "Urte hasieran, hondakinen %40 eskas biltzen zen gaika, eta ekainean, aldiz, hondakinen %76,40. Datu hori herritarren esfortzuari esker lortutako emaitza kolektiboa da" adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak. Hori dela eta, bide berean jarraitzeko dei egin die herritarrei. Halaber, Azpeitia ingurumenarekin "arduratsuagoa" dela azpimarratu du Bereziartuak: "Gaikako hondakin bilketaren datuez harago, aipatzekoa da Lapatx zabortegiaren zigilatze fasearen hasiera eta zabortegiko metanoa erabiliz energia lortzeko abian jarritako prototipoa". Hartutako neurriek "norabide aldaketa" ekarri duela esan du zinegotziak.  

Azpeitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak apirilean jakinarazi zituzten sistema berria ezarri osteko aurreneko datuak. Martxoan gaika sailkatutako hondakinen behin behineko datuak ziren jakinarazi zituzten aurrenekoak, eta handik gutxira eman zituzten behin-betiko emaitzak. Datuen arabera, martxoan jasotako hondakinen %70,57 jaso zuten gaika bereizita. Ekaineko datuak dira jasotako azkenak, eta horietan gora egin du gaika sailkatutako hondakinen zifrak.