Oier Ibargurenek kontratua berritu du Baque Ideus BH taldearekin

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko aza. 22a, 15:17

Oier Ibarguren txirrindulariak Baque Ideus BH taldean jarraituko du datorren denboraldian. "Oso gustura" dago azpeitiarra. Joan den denboraldiaren "sekulako balorazioa" egin du.

Oier Ibarguren (Azpeitia, 1997) txirrindulariak Baque Ideus BH taldean jarraituko du datorren denboraldian. 23 urtez azpikoen mailan lau denboraldi izan ohi dira, eta datorrena azken sasoia izango du azpeitiarrak maila horretan. Bi denboraldi Jira-Bira Cycling Zarauzko klubeko Grupo Eulen taldean egin zituen Ibargurenek, eta joan den denboraldian Baque Ideus BH taldeara aldatu zen. 23 urtez azpikoen mailako azken sasoia iazko talde berberarekin jokatzea nahi zuen, eta halaxe egingo du. Azpeitiarra "oso gustura" dago kontratua berritzeko aukera izan duelako. 

Joan den denboraldiaz galdetuta, "sekulako balorazioa" egin du txirrindulariak. "Taldean integratzen joan naiz pixkanaka, nire lekua irabazi dut, eta onenekin lehiatzera iritsi naiz", azaldu du. Horrez gain, denboraldi bukaeran egindako lorpena ekarri du gogora. Izan ere, Portugalgo Volta a Portugal do Futuro itzulian lehen etapa irabazi zuen Ibargurenek, eta sailkapen orokorrean hamargarren postuan amaitu zuen.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu