Herri Hezitzailearen hausnarketaren ondorioak aurkezteko jardunaldia egingo dute abenduaren 1ean

Uztarria.eus 2018ko aza. 22a, 13:53
Herri Hezitzailearen balioen diagnosian parte hartu duen hainbat herritar. (Udala)

Azpeitia Herri Hezitzailea izan dadin abiatutako balioen diagnostiko prozesuari bukaera emateko jardunaldia 09:30etik 13:00etara izango da Sanagustinen. Saiora bertaratu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Jardunaldiak hainbat xede du, hala nola Herri Hezitzailearen filosofia herritarrengana gerturatzea, kontraste saioek emandakoa elkarbanatzea, ondorioak aurkeztea eta aurrera begirako erronkak zehaztea.

Azpeitia Herri Hezitzailea izan dadin abiatutako balioen diagnostiko prozesuari bukaera emateko jardunaldi bat prestatu dute abenduaren 1erako, zapatua. Saio horretan herri hezitzaileen bueltan iazko maiatzetik hona egindako prozesuaren emaitzak plazaratuko dituzte, jardunaldiaren xedeak Herri Hezitzailearen filosofia herritarrengana gerturatzea, kontraste saioek emandakoa elkarbanatzea, ondorioak aurkeztea eta aurrera begirako erronkak zehaztea izanik.

Saioa irekia izango da, baina parte hartzeko aurrez izena eman behar da herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 943 15 71 60 telefono zenbakira deituta. Jardunaldia 09:30etik 13:00etara izango da Sanagustin kulturgunean, eta iazko maiatzetik hona egindako prozesuaren emaitzak plazaratuko dituzte bertan. Jardunaldiak irauten duen bitartean zaintza zerbitzua eskainiko dute, eta zerbitzu hori erabili nahi duenak izena ematerakoan egin beharko du eskaera.

Prozesu "emankorra"

Iazko maiatzean egin zuten Azpeitian Herri Hezitzailearen inguruko lehen jardunaldia 80 bat lagunek. Orduko hartan herriko eragileen lana ezagutzeko eta haurnarketa hasteko parada izan zuten bertaratutakoek. Jardunaldi hartan behar nagusi bat identifikatu zuten: eragileek lantzen dituzten balioen inguruko ezagutza eta horren diagnostiko baten beharra. Eskaera horiei erantzuteko talde eragile bat sortu zuten, eta joan zen udaberrian abiatu zuen talde horrek Herri Hezitzailea: balioen diagnostikoa prozesua. Herriko eragileentzat galdetegi bat prestatu zuen Herri Hezitzaileen lantaldeak; hainbat arlotako 52 eragilek parte hartu dute prozesu horretan –kirola, kultura, hezkuntza, euskara...–, eta azken asteetan kontraste saioak egin dituzte galdetegietako emaitzetan oinarrituta. Bestalde, udal teknikariek eta politikariek ere parte hartu dute prozesuan, eta Elhuyar fundazioa arduratu da diagnosia osatzeko ikerketa lanaz eta prozesuko aholkularitzaz.

Talde eragilek azaldu duenez, prozesuak bide "emankorra" izan du: "Diagnostikoaren helburua izan da herriko eragileek egiten dituzten jarduerekin eta proiektuekin zer balio sustatzen dituzten identifikatzea, indarguneak eta ahulguneak identifikatzea, etorkizunean herri bezala sustatu nahi diren balioak elkarlanean adostea eta horretarako lan-ildoak adostea eta zehaztea". Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritar guztiei.

Honako hau da abenduaren 1eko jardunaldiaren egitaraua:

09:30ean. Material banaketa eta ongietorria.

09:45ean. Herrigintzatik herri hezitzailera hitzaldia eskainiko dute Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak eta Joxe Mari Azurmendi Hik Hasiko zuzendariak. 

10:30ean. Azpeitiko eragileen artean egindako balioen inguruko hausnarketa prozesuaren eta lehen ondorioen aurkezpena.

11:30ean. Kafe tertulia, taldeka. 

12:45ean. Aurrera begirakoak eta agurra.