Bingo jolasean igaro du arratsaldea hainbat jubilatuk eta pentsiodunek

Uztarria.eus 2018ko aza. 21a, 19:25

Aurrera doa Baigera elkarteak antolatutako Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea. Karta-jokoarekin hasi zituzten aste horretarako prestatutako ekintzak astelehenean, eta atzo pentsioen inguruko hitzaldi saioaz gozatu ostean, gaur arratsaldean bingoan jokatzeko aukera izan dute Baigera IIn. Dozenaka lagun elkartu dira bazkalostean Sanjuandegiko Baigeraren lokalean, eta ondoren, txokolate-jana egin dute.

Bihar segituko dute antolatutako ekintzekin; izan ere, Zarauzko Photomuseuma bisitatuko dute aurrena, eta Aginako sagardotegi batera joango dira gero. Etzi ere bingo saioa izango da; egun horretan, baina, Baigera Ien egingo dute, eta zapatuan mendi ibilaldia eta hamaiketakoa egingo dituzte. Igandean bukatuko dute ekitaldiz betetako astea, Loiola hotelean egingo duten bazkariarekin eta 90 urteko herritarrei egin ohi zaien omenaldiarekin.

Hemen Jubilatu eta Pentsiodunen Asteko egitaraua:

Bihar, osteguna

15:00. Photomuseumera irteera. Ondoren, Aginagako sagardotegira joango dira.

Etzi, ostirala

16:00. Bingo berezia Baigera Ieko aretoan. Ondoren, eguneko zentrokoentzat txokolate-jana.

Zapatua, azaroak 24

08:30. Madarixatik Aittolara mendi irteera. Ondoren, hamaiketakoa Aittolan.

Igandea, azaroak 24

11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.

12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.

14:15. Bazkaria, Loiola hotelean. Ondoren, omenaldia 90 urte betetzen dituzten herritarrei.