Txakur Gorriak labetik atera du Sorkuntza Bekarekin ondutako 'Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko' liburuxka

Uztarria.eus 2018ko aza. 21a, 12:55

Txakur Gorria sormen kolektiboak Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxka atera du argitara. Atzo, asteartea, aurkeztu zuen Txakur Gorriak taldeak kolektiboan egindako azken lana. Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta Azpeitiko Udalaren Sorkuntza Bekaren laguntzarekin osasutako proiektua da hori. Sanagustin kulturgunean eman zituzten Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxkaren inguruko xehetasunak Txakur Gorria osatzen duten lau lagunek, Malen Amenabarrek, Nerea Ibartzabalek, Mariñe Arbeok eta Ane Labakak. Aurkezpen mahaiaren gainean, mikrofonoak sortzaileen hitz gosez, eta mahaitik zintzilik hari batean zintzilikatutako marrazkiak, proiektua egiteko jarraitu duten hariaren adierazle. Argitara ateratako liburuxkaren zenbait ale mikrofono artean. Aurkezpenera bertaratu ziren lagunak, aldiz, kaierak irakurtzeko gogoz. Txakur Gorriak labur bezain zehatz azaldu zituen proiektuaren nondik norakoak. 

Sorkuntza Bekaren sustatzaileei eskerrak ematen hasi zuten aurkezpena Txakur Gorriako neskek, eta horrelako diru-laguntzen "garrantzia" azpimarratu zuten. Azaldu zutenez, joan zen udazkenean hasi ziren Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko proiektua sortzen, orduan izenik ez bazuen ere. Testuak eta marrazkiak dira liburuxkaren protagonistak. Ibartzabalek eta Labakak idatzi dituzte hitzak, eta Amenabarrek eta Arbeok egin dituzte marrazkiak. Kaieran jasotako zenbait irudi erakutsi zituzten atzoko aurkezpenean, baita liburuxkan izkiriatutako hitzak irakurri ere. Modu horretan, proiektua osatzeko jarraitu duten kateari egin zioten erreferentzia. Hau da, adibideak jarriz azaldu zuten proiektuaren haria: Ibarzabalek idatzitako testuan oinarrituta marrazki bat egin zuen Amenabarrek, eta Labakak hitzak jarri zizkion ilustrazio horri. Labakaren hitzak hartuta, marrazkiak sortu zituen Arbeok. Eta kate hori lau aldiz errepikatuta gorpuztu da Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko. Orain, Durangoko Azokan jarriko dute sailgai "lauren artean zortzi eskutara" egindako liburuxka. 

Ainara Larrañaga zinegotziak ere hartu zuen hitza aurkezpenean. Hark gogoratu zuen Sorkuntza Bekaren helburua sortzaileei eta "bereziki" sortzaile gazteei laguntzea dela. Horren harira, Txakur Gorriaren lana azpimarratu zuen Larrañagak, eta eskerrak eman zizkien Sorkuntza Bekara aurkezteagatik. 

Txakur Gorriaren eta Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxkaren inguruko erreportajea kaleratuko du Uztarria Komunikazio Taldeak, laster.