'Rosa itzuli da' eleberria kaleratu du Pako Aristik

Uztarria.eus 2018ko aza. 20a, 18:14
Pako Aristi, 'Rosa itzuli da' liburua eskuan. (Erein argitaletxea)

Hogei urte eleberririk idatzi gabe egon ostean, Aristik Rosa itzuli da lanarekin hautsi du bi hamarkadatako isiltasuna. Memoriaren inguruko thriller politikoa da Erein argitaletxearekin kaleratu duen azken lana. 25 urtez espetxean egon ostean etxera itzuli den ETAko kide bat da nobelako protagonista. Aristiren aburuz, "iraganaz betetako oso gaur egungo nobela" da idatzi duen azken eleberria.

Hogei urte nobelarik idatzi gabe egon ostean, Rosa itzuli da lana plazaratu du Pako Aristik. Gaur, asteartea, aurkeztu du eleberria azpeitiarrak, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Duela hogei urte kaleratu zuen Aristik Urregilearen orduak (1998, Erein) nobela, eta ordutik genero horretako lanik egin ez badu ere, ez da geldirik egon; izan ere, joan diren bi hamarkadatan hiru saiakera liburu, lau poesia lan eta ehunka artikulu idatzi eta kaleratu ditu. Nobelarik idatzi gabe igarotako hogei urte horietan, idazteko erabiltzen duen euskararen eremu soziopolitikoa "hobeto" ezagutu nahi izan du Aristik: "Nire sormen hizkuntza euskara izanda, eta hizkuntza horren esparru soziopolitikoa Euskal Herria izanda, errealitate hori hobeto ezagutzeko beharra sentitu nuen. Jakin nahi nuen indar harremanek nola eragiten dioten hizkuntzari eta literaturari; zer ikusarazten duen indarra daukanak eta zer ezkutatzen duen".

Erein argitaletxearekin kaleratu du azpeitiarrak Rosa itzuli da lana, eta 25 urtez espetxean egon ostean etxera itzuli den ETAko kide bat da nobelaren protagonista. Aristiren arabera, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina baliogabetu eta euskal preso politiko dezente libre geratu zen garaian, 2013. urtean, piztu zitzaion eleberria idazteko "txinparta", bi arrazoirengatik: preso horietako batzuk ezagunak zituelako eta preso horiek estigmatizatuta zeudela sentitzen zuelako. Arrazoi horiek zabal azaldu ditu Aristik liburuaren aurkezpenean: "Preso haiek kalera atera zirenen, artean baziren nik harreman epistolar luzea izandako beste batzuk, aurrez aurre ez nituenak ezagutzen, eta orduan izan nuen horretarako parada. Literarioki abantaila handia izan nuen horiekin, eskutitzez gehiago agertzen baitugu gure barrukoaz, aurrez aurreko poteoetan baino". Dena den, nobela idaztera bultzatu zuen bigarren arrazoia, "erregaiari sua eman ziona", "ebidentzia" bat izan zela azaldu du idazleak: "Dozenaka preso haiek, gure historiaren halako edo bestelako protagonista haiek, hainbeste urte kartzelan eman ondoren, batzuk Mandelak berak baino gehiago, ez ziren inon agertzen, ez egunkarietan, ez telebistetan, ez ia inon. Estigmatizatuak sentitzen nituen, eta hala sentitzen ziren haietako asko, proskritoak, ezkutuka egiten zizkieten omenaldiak, gero omenaldiak ez omen ziren, ongietorriak baizik. Politikako hitz zatar bat etortzen zitzaidan gogora: amortizatuak zeudela, alegia". Sentipen horietatik "atera" zitzaion idatzitako azken lana Aristiri. 

Memoriaren inguruko thriller politikoa

Aristiren aburuz, preso izandako pertsona horien atzean "gai sakonak" zeuden, eta horien inguruko fikzio lan bat egitea "oso interesgarria" iruditu zitzaion: "Nola aurkitu zuten herria, jendea eta giroa? Zer irakurketa egiten zuten euren bizitzaz? Askok 35 urte inguru zeramatzaten herritik kanpo. Zeintzuk ziren joandako haiek eta zeintzuk orain itzuli zirenak? Gai sakonak zeuden euren existentzia ez-konbentzional horren baitan, eta niri, behintzat, oso interesgarria iruditu zitzaidan pertsona horiengan zentratzea nire fikziozko lana". Nobelaren kontakizuna kolektiboa den arren, lehengo pertsonako ahotsaren "intimismoaz" kontatuta dagoela azaldu du azpeitiarrak, "hiru pertsonaia nagusiren bueltan, baina mosaiko gisan gure epopeia hau osatuko duten beste presentzia batzuekin", hain zuzen. Horiek ez ezik, "pertsonaia absente" bat ere badago kontakizunean, "aspaldi hila, baina guztien bizitzak markatuko dituena, gauzak beste molde batez ikusarazteraino".

Aristiren hitzetan, memoriari buruzko nobela bat da Rosa itzuli da lana: "Iragan lazgarri bat ahaztu nahiaren eta Alzheimerraren oroitu ezinaren artean zabuka doan nobela da, belaunaldien arteko transmisioari buruzkoa, thriller politiko bat, arduraz diharduena, hartutako erabakien ondorioez ari dena". Halaber, "erantzunik zailenaren bilaketa" egiten duen lana dela dio Aristik: "Istorioaren gibelean, beti, borroka armatuaren aukera dago; horren itzala, horren kondena. Hor daude borroka armatuaren existentziari buruzko gogoetak. Eta susmo bat kontakizunaren oinarrian: hainbeste hamarkada iraun duen zerbait ezin litekeela terrorismo hutsera laburtu, bere aurretik zeuden menderakuntza baldintzarik gabe ezin dela esplikatu, eta baldintza haiek desagertu gabe zer egoera utzi digun orain ETAren desagerpenak".

Idatzitako azken nobela definituko lukeen esaldi baten bila aritu da Aristi, eta zailtasunak zailtasun, aurkitu du definizioa: "Esango nuke Rosa itzuli da iraganaz betetako oso gaur egungo nobela bat dela". Azalpen horren karitik, iraganaren eta orainaren loturari egin dio keinu Azpeitiko idazleak: "Hain loturik daude biak [iragana eta oraina], non bata bestea gabe ezin den ezer ulertu. Eta badaude guk ezer ez ulertzeko interesa duten instantziak, bi ertzak aldentzen saiatzen direnak etengabe. Nobelan badago, zentzu horretan, bi ertzak batzeko ahalegin bat".

Azpeitiko idazleak Donostian aurkeztu du 'Rosa itzuli da' eleberria. (Argazkia: Erein argitaletxea)