Martxan da VII. Erakusleiho Lehiaketa

Uztarria.eus 2018ko aza. 20a, 12:57
Iazko saridunak. (Azpeitiko Udala)

Erakusleihoek abenduaren 10erako egon beharko dute prest, eta saltokietako arduradunek ezingo dute erakusleihoa aldatu abenduaren 20a bitartean. Gabon giroan oinarritutako diseinuak egin beharko dituzte lehiaketan parte hartzen duten saltokiek. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 20an egingo dute Sanagustin kulturgunean.

Gabonak gerturatzen ari direla eta, Udalak eta Bertan merkatari elkarteak VII. Erakusleiho Lehiaketa jarri dute martxan. Gabon giroan oinarritutako apainketak egin beharko dituzte lehiaketan parte hartu nahi duten merkatariek, eta abenduaren 5a izango da izena emateko azken eguna. Bertan elkarteko 943 02 56 73 edo 688-82 39 44 telefonoetara deitu, bertan.azpeitia@gmail.com helbidera idatzi, Udaleko Kultura Saileko 943 15 70 68 telefonora deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzi behar da izena emateko. Azpeitiko saltoki guztiek dute parte hartzeko aukera, Bertan Merkatari Elkarteko kide izan edo ez.

Gabon giroan oinarritu beharko dute erakusleihoek, eta lehiaketarekin diseinatzeko esfortzua eta hura dekoratzeko ahalegina sustatu nahi dituzte Udalak eta Bertanek. Besteak beste, konposizioa, berrikuntza, sormena, originaltasuna, koloreen konbinazioa eta argiztapena izango dituzte kontuan epaimahaikideek. Erakusleihoek abenduaren 10erako egon beharko dute prest, eta saltokietako arduradunek ezingo dute erakusleihoa aldatu abenduaren 20a bitartean. Izan ere, epaimahaiak egun horietan egingo ditu balorazioak. Lehiaketaren oinarrietan jasota dagoenez, erakusleihoetan ongi ikusteko moduan egon beharko du Azpeitiko Udalak eta Bertanek emandako parte-hartzaile txartelak; akreditazio hori falta bada edo ikusteko moduan ez badago, lehiaketatik kanpo geldituko dira parte-hartzaileak.

Abenduaren 20an egingo dute sari banaketa ekitaldia Sanagustin kulturgunean. Lehiaketaren irabazleak 600 euroko diru saria eskuratuko du, bigarrenak 400 eurokoa eta hirugarrenak 200 eurokoa. Iaz Ederti dekorazio dendak jaso zuen lehen saria, eta lehiaketaren oinarrietan jasota dagoenaren arabera, aurten ezingo du lehen saririk eskuratu saltoki horrek.