Txakur Gorria kolektiboak 'Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko' liburuxka aurkeztuko du gaur Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko aza. 20a, 10:26
(Txakur Gorria)

Kultur Mahaiaren eta Udalaren Sorkuntza Bekaren laguntzaz ondu dute Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko proiektua Malen Amenabarrek, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Ane Labakak. Haiek aurreratu dutenez, "lauren artean zortzi eskutara osatutako liburuxka" da gaur plazaratuko dutena. Sortzaile bakoitzak taldeko beste kide batek hasitako "hariari tiraka" sortu dute ilustrazioz eta hitzez jantzitako liburuxka.

Labetik ateratzear da Txakur Gorria sormen kolektiboaren Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko izeneko liburuxka. Izan ere, Txakur Gorriak gaur arratsaldean aurkeztuko du kolektiboan ondutako azken lana, Sanagustin kulturgunean. Aurkezpen ekitaldia irekia izango da, eta 19:30ean hasiko da.

Malen Amenabarrek, Nerea Ibartzabalek, Mariñe Arbeok eta Ane Labakak osatzen dute Txakur Gorria, eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta Udalaren Sorkuntza Beka jaso zuten joan den uztailean. Sortzaileei zuzendutako bekari esker 1.600 euroko diru-laguntza eskuratu zuten Txakur Gorriako lagunek, eta, besteak beste, laguntza horretaz baliatuta osatu dute Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxka. Proiektuaren egileek aurreratu dutenez, "lauren artean zortzi eskutara" osatu dute gaur aurkeztuko duten lana.

Hitzak eta irudiak dira Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxkaren osagaiak. Ibartzabalek eta Labakak idatzi dituzte testuak, eta Amenabarrek eta Arbeok egin dituzte ilustrazioak. Haiek azaldu dutenez, sortzaile bakoitzak taldeko beste kide batek hasitako "hariari tiraka" sortu dute proiektua.

Amenabar, Ibarzabal, Arbeo eta Labaka duela bi urte eta erdi inguru hasi ziren Txakur Gorria izenburupean denetariko lanak sortzen, elkarrekin. Beren nahietatik abiatutako lanak gorpuzten eta autoedizioaren aldeko apustua egiten ekin zioten bideari. Bi urtetan dozenaka lan egin dituzte, eta gaur egun ere hainbat proiektu dituzte esku artean.