Aurki hasiko dituzte autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa eta logelak egokitzeko lanak

Uztarria.eus 2018ko aza. 20a, 10:36
Loiolako Inazio Hiribideko 65 zenbakidun lokalean zabalduko dute eguneko zentroa.

Aldundiari hiru lokal utzi dizkio Udalak, eta horietan eguneko zentroa, logelak eta abar egingo dituzte. Gautenak kudeatuko ditu gune horiek. Proiektua 2019 bukaerarako martxan izatea aurreikusten du Aldundiak.

Aurki hasiko dituzte Loiolako Inazio Hiribidean autismoa duten pertsonentzat egokituko dituzten guneen lanak. Hain zuzen ere, Udalak 65, 77 eta 81 zenbakidun lokalak hogei urterako utzi dizkio Aldundiari, eta horietan autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa, bizitokiak eta bestelako baliabideak egokituko dituzte Gautena elkarteak eta Aldundiak.

Orotara, 1.242 metro kuadroko hiru gune izango dira, eta datozen asteetan hasiko dituzte egokitzeko lanak. 65 zenbakidun lokalean autismoa duten pertsonentzat eguneko zentroa egingo dute; 81 zenbakidunean, berriz, hamar bat lagunetzat logelak; eta 77 zenbakidun lokalean beste baliabide batzuk eskaintzeko gunea ezarri ahal izango dute. Gune horiek Gautena autismoaren Gipuzkoako elkarteak kudeatuko ditu.

Orain dela pare bat urte jo zuen Gautenak Azpeitiko Udalera, eskualdean halako azpiegituren beharra zegoela eta. "Kostaldean horrelako azpiegiturak badaudela jabetuta, barnealdean horrelakoen beharra zegoela sumatuta eta Azpeitia kokagune erreferentziala izan zitekeela pentsatuta jo zuten gugana", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak. Iaz, berriz, aldundia zuzendu zen udalarengana lokalen lagapena eskatzeko, eta joan zen uztaileko udalbatzarrean erabaki zuen Udalak aho batez lokalak uztea.

Diputatuen Kontseiluak joan zen astean eman zion onespena proiektua garatzen hasteari. Aldundiak azaldu duenez, erabaki horrekin Gizarte Zerbitzuen Mapan finkatutako plangintza "garatzen" jarraitzen du erakundeak. "Plangintza horrek arreta premiak gehitu direla jasotzen du hainbat faktorerengatik, eta horien artean dago desgaitasun psikikoak dituztenen eskaerak areagotu egingo direla", azaldu du. Hori dela eta, Aldundiak adierazi du desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako hainbat ekipamendu sortzeko beharra dagoela Azpeitian, eta gune berria 2019 bukaerarako martxan jartzea aurreikusten duela gaineratu du. Udalaren "prestutasuna" eskertu du Imanol Lasa foru bozeramaileak, eta hark "inor atzean utzi gabe", Gipuzkoa "berdintasunean" oinarritutako lurraldea izatea lortzeko elkarlanak duen balioa azpimarratu du.