Iraurgiko ikasleek aurkeztu dute Gazteen Gipuzkoa programako beren proiektua

Uztarria.eus 2018ko aza. 19a, 12:46

Hirugarren adinekoen beharrei erantzuteko, lan munduan berdintasuna bultzatzeko eta klima aldaketaren aurrean eragiteko proposamenak jaso eta landu dituzte ikasle azpeitiarrek. Joan den ostegunean egin zuten aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzan.

Joan den ostegunean, azaroaren 15ean, aurkeztu zuten Iraurgi Ikastetxeko Batxilergoko 1. mailako ikasleek Gazteen Gipuzkoa programaren barruan egin duten proiektua; Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izan ziren azpeitiarrak proiektua aurkezten, Donostian. Gipuzkoa osoko hogei ikastetxek baino gehiagok parte hartu dute Gazteen Gipuzkoa programan; lurraldearen etorkizunari lotuta, edozein gairen inguruan eta nahi zuten formatuan proiektu bat aurkeztu behar zuten. Aurreko hilean Ikasberriko ikasleak izan ziren bertan, beren proiektua aurkezten.

Iraurgiko ikasleen kasuan, aurreko ikasturte bukaeran hamar urte barru nolako Gipuzkoa batean bizi nahiko luketen amestea proposatu zitzaien gazteei. "Hasiera batean, bizitzaren eta gizartearen alderdi guztietan berdintasuna ematen zen gizarte bat amestu zuten. Baina proiektua garatzerakoan, nahi bezalako informazioa lortzeko izandako arazoak tarteko, proiektua hiru gairen inguruan hausnartzera eta hobekuntza proposamenak egitera bideratu zuten", azaldu dute ikastetxeko arduradunek. Horrela, hirugarren adina, lan munduko berdintasuna eta klima aldaketa dira jorratu dituzten hiru esparruak. Proiektuaren inguruko informazioa biltzeko, Iraurgi Berritzenen eta LAB sindikatuan izan ziren ikasleak. Horrez gain, ikastetxeko familien eta ikasleen iritzia ere jaso zuten, inkestak eginez".

Hiru proposamen

Jasotako informazio guztiarekin, hiru proposamen zehatz aurkeztu dituzte Iraurgikoek Gazteen Gipuzkoa programan, landu duten esparru bakoitzerako bat:

- Hirugarren adineko pertsonei zuzenduriko etxe autonomoak eraikitzea, herritik gertu dagoen auzo egokitu batean. Bertan, beharrezko zerbitzu guztiak eskainiko litzaizkieke pertsona horiei, eta horrela, lanpostu gehiago sortuko lirateke.

- Lan munduari dagokionez, industrian lan aukera asko egongo direla ikusten denez, emakumeak bertan sartzea bultzatzea da proposatzen dutena, horretarako erraztasunak emanez. Aitatasun bajak ezartzea eta amatasun bajak lana mantentzeko arazo ez izatea.

- Klima aldaketa kontuan izanda, birziklapen tasak igotzeko eta uraren eta argiaren kontsumoa gutxitzeko neurriak sustatzea.