Internet bidez egin ahalko dira Sindikatu Zaharreko eta Baigerako gelen erreserbak

Uztarria.eus 2018ko aza. 19a, 12:16

Orain arte, udaletxean egin behar izaten ziren gela horiek erabiltzeko eskaerak, eta herritarrei baliabideak "errazteko" asmoz jarri du Udalak zerbitzu berria. Gelak 08:00etatik 23:00etara bitartean erabili ahal izango dira, eta erreserba egiten duenak Udaltzaingoan jaso beharko du gelako giltza eskaera eginda duen egunean nahiz orduan.

Aurrerantzean Internet bidez erreserbatu ahal izango dira Sindikatu Zaharreko nahiz Baigerako bilkura gelak. Orain arte, udaletxean egin behar izaten ziren gela horiek erabiltzeko eskaerak, eta herritarrei baliabideak "errazteko" asmoz jarri du Udalak zerbitzu berria. Horrenbestez, nahi duenak erreserbak.azpeitia.eus atariaren bidez egin ahal izango du eskaera.

Hilean hileko erreserbak egin ahal izango dira, eta egoera edo baldintza bereziak diren kasuetan –aldi baterako erreserbak, ospakizun edo data seinalatuetan...– udaletxean egin beharko da eskaera. Gelak 08:00etatik 23:00etara bitartean erabili ahal izango dira, eta erreserba egiten duenak Udaltzaingoan jaso beharko du gelako giltza eskaera eginda duen egunean nahiz orduan. Hark nortasun agiria erakutsi beharko du giltza eskuratzeko.

Udalak azaldu duenez, erabilera "handia" dute Sindikatu Zaharreko nahiz Baigerako hiru aretoek, eta edozeinek erabil ditzake horiek, ekintzaren bat edo bileraren bat egiteko. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, "pauso" bat da baliabideak on line jartzea, eta "proba" egingo dute.