Irudhitzen lehiaketa

Asteartean itxiko da III. Irudhitzen lehiaketara testuak bidaltzeko epea

Uztarria.eus 2018ko aza. 16a, 17:59

 Parte hartzaileek irudien atalean nabarmendutako argazkiei  jarri beharko dizkiete hitzak, eta irabazleak 150 euroko diru-saria jasoko du. Xabier Gantzarainek, Miren Gorrotxategik eta Leire Ostolazak osatuko dute epaimahaia. III. Irudhitzen lehiaketan nabarmendutako irudiekin eta testuekin 2019ko egutegia kaleratuko du Uztarriak. 

Asteartean, azaroaren 20an, amaituko da Irudhitzen lehiaketaren hitzen atalera testuak bidaltzeko epea. Literaturari lotutako lehiaketan parte hartzen duten lagunek hitzak jarri beharko dizkiete Xanti Rodriguezek, Ainara Garciak eta Alberto Belokik aukeratutako hamabi argazkiei. Ondoren, Xabier Gantzarain, Miren Gorrotxategi eta Leire Ostolaza arduratuko dira Irudhitzen lehiaketaren testuen atalera aurkeztutako idatzietatik hamabi nabarmentzeaz. Testu horietatik bakarra izango da saritua, eta haren egileak 150 euroko saria eskuratuko du. 

Honakoak hauek dira Irudhitzen lehiaketaren testuen lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi. Argazkiaz, horren gainean egindako hausnarketaz, irudiak eragiten dionaz, sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak. 
  • Azaroaren 20a izango da testuak bidaltzeko azken eguna. Honako helbidera bidali behar dira testuak: lehiaketakuztarria@gmail.com.

Testuen atalean parte hartu nahi dutenek, honako argazki hauei jarri beharko dizkiete hitzak. 

Juan Joxe Agirreren argazkiak irabazi du aurtengo argazki lehiaketa. 

Irudiekin eta hitzekin jolasten, segi irudimena dantzan jartzen!

2019ko egutegia eta Irudhitzen erakusketa

Irudhitzenera aurkezten diren irudietatik eta testuetatik epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiekin eta hitzekin, Uztarria Komunikazio Taldeak 2019ko egutegia kaleratuko du, eta bazkideek etxean jasoko dute- Azken urteetan Irudhitzen egutegia urtarrilean banatu bada ere, aurten, Uztarriaren bazkideek 2018ko abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute 2019ko Irudhitzen egutegia. Gainerakoek, berriz, erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1).

Ondoren, Irudhitzenera aurkeztutako material guztiarekin erakusketa bat prestatuko du Uztarriak Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Modu horretan, 2019 urte hasieran III. Irudhitzen lehiaketak utzitako argazki eta testu guztiak ikusgai izango dira Sanagustin kulturgunean. 

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea

II. Iruhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea