Ubidea mantetzeko lanak egiten ari dira Antzibarrena inguruan

Uztarria.eus 2018ko aza. 15a, 16:17
Ibaieder ibaiaren ondoan eraikitzen ari diren horma. (URA)

Udalak eta Uraren Euskal Agentziak hitzarmena egin zuten Landetan, Ibaieder ibaiaren alde batean, lanok egiteko. Ibaiaren bazterretan pilatutako hondakinak eta lurra bildu dituzte dagoeneko, eta kanaberak sustraietatik kentzeko lanak egingo dituzte aurki. Ibaiaren ertzeko hormaren zati bat ere kenduko dute, ezponda egonkortzeko krainer pareta bat egiteko.

Landetan, Antzibarrena inguruan, Ibaieder ibaiaren eskuineko aldean, ubidea mantentzeko lanak egiten ari dira Udala eta Uraren Euskal Agentzia (URA). Udalak gunea txukuntzeko eskaera egin zion URAri, eta erakunde horrek proiektua aztertu eta bi erakundeek hitzarmena egin ostean, elkarlanean hasi dira gunea egokitzeko lanekin.

Antzibarrenako inguru hori "utzita" zegoen azken urteetan; izan ere, hainbat hamarkadatan lur hondarrak biltzeko gune gisa erabili zuen enpresa batek, eta denborarekin, "zabortegi bilakatu" zen eremua. URAk jakinarazi duenez, hondakin eta lur ugari zegoen bertan, eta horiek ibairako irisgarritasuna oztopatzen zuten. "Gainera, ibai ertza kanaberaz beteta zegoen, eta azken urteetan landare horiek kentzeko aurreikuspenak eginda zeuden, baina ez ziren gauzatu gunera iristeko zailtasunak tarteko".

Udalak ibaiaren bazterretan pilatutako hondakinak eta lurra bildu ditu dagoeneko; hain zuzen ere, 825 metro kubiko lur jaso ditu jada. Gainera, datorren urtean, pilatuta dagoen beste zati batetik ere aterako dute lurra. Uraren Euskal Agentziak, berriz, kanaberak sustraietatik kentzeko lanak egingo ditu, kanabera espezie inbaditzailea delako eta basoa handitzeko prozesua oztopatzeaz gain, ibaiaren egoera "kaskartzen" duelako. Landare horiez gain, ibaiaren ertzeko hormaren zati bat ere kenduko du uraren agentziak, eta ezponda egonkortzeko krainer pareta –enborrekin egin ohi dira halako hormak– bat eraikiko dute bertan.