Udaletxeko ganbaran hasiko da gaur Antzerki Topaketen aste honetako eskaintza irekia

Uztarria.eus 2018ko aza. 15a, 14:06
'Takoi gorridun zapata' obraren antzezleak. (Piszifaktoria)

Piszifaktoria Ideien Laborategiak Takoi gorridun zapata antzeztuko du bertan, 21:00etan. Eromen Produkzioaken Elurra, bihar; Borobil Teatroaren Roman eta Julieta, etzi; eta Dejabu Panpin Laborategiaren Linbo planeta, igandean, emango dituzte Soreasu antzokian.

Gaur bukatuko dira Soreasu antzokian XXXVI. Euskal Antzerki Topaketen barruko eskola antzerkiaren saioak eta gaur bertan hasiko da lau egunez luzatuko den Topaketen antzerki eskaintza irekia. Igandera bitartean, la antzezlan ikusteko aukera izango da herrian.

Horietako aurrena, gaur iluntzekoa, udaletxeko ganbaran emango dute Piszifaktoria Ideien Laborategikoek; 21:00etan hasita, Takoi gorridun zapata antzezlan laburra ikusteko aukera izango dute udaletxean elkartzen direnek; Igor Arzuaga, Haizea Paris, Jabi de la Ydalga eta Mikel Ayllon aktoreak dira Takoidun zapata gorrian parte hartzen dutenak, Pablo Ibarluzeak zuzenduta.

Bihartik igandera bitarteko hiru emanaldiak, berriz, Soreasun izango dira. Bihar, 21:30ean, Eromen Produkzioakek Elurra obra taularatuko du. Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean, Zestoako Antzerki Eskolako hainbat ikasle igoko da Soreasuko oholtzara, horien artean baita azpeitiar mordoska ere: Marije Izeta, Juan Alberto Gaztañaga, Inma Izeta, Lorea Alberdi, Ekain Ibarguren, Anne Uria, Goizane Barroso, Arantxa Rezabal, Amaia Odriozola, Mikel Ibarguren, Manolo Gaztañaga, Leire Egaña, Ainhoa Casina, Edurne Errasti eta Estitxu Elduaien dira aktoreak.

Zapatuan, berriz, Borobil Teatroaren eta Roman eta Julieta lanaren txanda izango da Soreasun, 21:30ean; Jose Ramon Soroizek, Tanya de Robertok, Ainhoa Aierbek, Iñigo Aranburuk eta Alazne Etxeberriak antzezten dute lana, eta Anartz Zuazua da zuzendaria.

Igandean, ohi bezala, arratsaldez izango da antzerkiarekin hitzordua Soreasun, haurrei zein helduei zuzendutako tartearekin. 17:00etan hasita, Dejabu Panpin Laborategiak Linbo planeta taularatuko du, Miren Alkala eta Alvaro Garaialde aktoreekin.