Mikel Laboaren ertz guztiak

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 15a, 11:57
Laboaldian margotuko duten murala.

Laboaldia egingo dute Azpeitian, Mikel Laboaren "unibertso poetiko oparoa" erakusteko asmoz. Azaroaren 21etik abenduaren 2ra hainbat ekintza izango da.

Mundu guztiak ezagutzen du Mikel Laboa, eta denek abestu dute noizbait Txoriak txori. Baina bada hain ezaguna ez den artistaren beste alderdi bat, Xabier Gantzarain Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikariaren arabera. "Konturatu ginen Laboa mundu osoak ezagutzen duela, bere kantuak oso ezagunak direla eta jende askok kantatzen dituela, baina iruditzen zaigu haren beste alderdi batzuk ez direla hainbeste ezagutzen". Ertz asko ditu Laboak, eta "alderdi denak" erakusteko asmoarekin antolatu dute Laboaldia, Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean. "Ez izateko Laboa Txoriak txori bakarrik".

Gantzarainek adierazi duenez, "oso zabala" da Laboaren musika abanikoa: "Herri kantak sortu zituen, bere garaiko poetak musikatu zituen, geroagokoak ere bai, alde esperimentala ere landu zuen...". Gainera, artista beti musikarekin lotu ohi den arren, hori baino "askoz gehiago" izan zela uste du: "Berak zer hitz kantatzen zituen garrantzitsua da; [Jose Luis] Zumetak egin zituen ia bere disko denetako azalak, kartelak nahiz posterrak...".

Hori guztia herritarrei erakusteko asmoarekin antolatu dute Laboaldia; hau da, Laboaren "unibertso poetiko oparoa" ezagutzera emateko. Horretarako, azaroaren 21etik abenduaren 2ra bitartean, erakusketa bat, hitzaldiak, mural margoketa eta kontzertuak izango dira, besteak beste, herrian.

Ez da kasualitatea halako egitasmo bat orain antolatu izana; izan ere, datorren abenduaren 1ean beteko dira hamar urte Mikel Laboa hil zela, eta urteurren hori aprobetxatu nahi izan dute antolatzaileek Laboaren irudia gogora ekartzeko. Laboa omentzeaz gain, hura ezagutzen ez duten gazteei haren irudia gerturatzea ere bada antolatzaileen nahia. "Laboaren sortzeko grina hori ekarri nahi dugu belaunaldi gazteengana edo sortzaile berriengana". Horrez gain, Laboa gustuko duenarentzat egitasmoa "aukera ona" izango dela uste dute, "harengana itzultzeko eta berriz ere disfrutatzeko".

Askotariko ekitaldiak

Laboa gertutik erakusketarekin hasiko dira bi asteko iraupena izango duten ekitaldiak. Mikel Laboa Katedraren eskariz Itziar Zubizarretak egindako erakusketa da, eta azaroaren 21ean zabalduko dute. "Alde batetik, Zumetak egindako lan grafiko hori ikusi ahal izango da erakusketan. Eta, bestalde, iPadetan eta antzeko gailuetan Laboaren kantak entzuteko aukera ere izango da". Gantzarainen esanetan, erakusketa "oso aukera ona" izango da Laboaren unibertsoan murgiltzeko.

Horrez gain, Zumetaren mundua ezagutzeko aukera ere eskainiko dute Laboaldian. Zumetaren estudiora irteera egingo dute, hark nola margotzen duen eta bere alaba Uxoa Zumetak serigrafiak nola egiten dituen ikusteko. Horren bidez, "Laboaren munduak beste zein mundu ireki ditzakeen" erakutsi nahi dute.

Txangoaren egun berean, hitzaldi-entzunaldi "interesgarri" bat ere izango da: Laboaren belarria. Saio horretan, Laboak zer entzuten zuen eta haren musika mundua nondik datorren azalduko du Ibon RGk, eta abesti horiek entzuteko aukera ere izango da.

Laboaldiko egitarauarekin amaitzeko, herriko hainbat musikarik kontzertua emango dute. Artistaren heriotzaren urteurreneko egunean izango da emanaldia, eta adin nahiz estilo ezberdinetako jendeak Laboaren kantuak eskainiko ditu zuzenean, bakoitzak bere estilora egokituta.

Hona hemen Laboaldiko egitaraua:

  • Azaroaren 21etik abenduaren 2ra. Erakusketa: Laboa gertutik. 18:00etatik 20:00etara, Betharrameko Udal Erakusketa Aretoan.
  • Azaroaren 23a, ostirala. Aurkezpena: Laboaren begiak liburuxka, Alaitz Aizpuru egilearekin. 18:00etan, Udal Liburutegian.
  • Azaroaren 24a, zapatua. Mural margoketa, egunean zehar, Alde Zaharrean.
  • Azaroaren 27a, asteartea. Hitzaldia: Laboaren kateak: iragana eta oraina, zilbor-heste. Ana Gandararen eskutik, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
  • Azaroaren 28a, asteazkena. Bisita gidatua eta hitzaldia: Non dago Mikel Laboa? Josune Albisurekin. 19:00etan, Betharrameko Udal Erakusketa Aretoan.
  • Azaroaren 30a, ostirala.

                  -Zumetarenera txangoa, arratsaldez.

                  -Solasaldia eta entzunaldia: Laboaren belarria, Ibon RGrekin. 21:30ean, Gaztetxean.

  • Abenduaren 1a, zapatua. Kontzertua: Laboa hamaika ahotsetara, herriko musikarien eskutik. 22:30ean, Sanagustin kulturgunean.