Iñaki Errazkini eta Ainhoa Intxaurrandietari babesa agertzeko adierazpena adostu dute udal ordezkariek

Uztarria.eus 2018ko aza. 14a, 16:48
Aurreko asteko udalbatzarreko irudia. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalbatza osatzen duten EH Bilduren eta EAJren ordezkari guztiek sinatu dute adierazpen adostua. Azpeitiko alkate eta Ingurumen diputatu ohiari eta GHKren lehendakari ohiari "babes pertsonala eta solidarioa" eman dizkiete. Atzoko Bozeramaileen Batzordean onartu zuten mozioa.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari helegitea jarri eta bi astera, Azpeitiko Udalak Errazkini eta Intxaurrandietari "babes pertsonala eta solidarioa" eskaintzeko mozioa onartu du. Azpeitiko Udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, adostu dute adierazpena, eta hamazazpi udal hautetsiek sinatu dute idatzia.

Azpeitiko Udaleko ordezkari politikoek testuan adierazi dutenez, ez diote inori opa "sufrimendua eta mina" eragiten duten egoerei aurre egin behar izatea. "Horregatik, funtsezkoa da justizia demokratikoa eta herritar guztien eskubideak bermatzen dituena exijitzea; baita ebazpen justuak bermatuko dituena ere". Era berean, ordezkari publikoek interes orokorraren eta elkarbizitza sozial eta politikoaren alde "arduraz" jokatu behar dutela azpimarratu dute.

Joan zen astearteko udalbatzarrean ziren Errazkin eta Intxaurrandieta babesteko mozioa bozkatzekoa, baina adostasunik ez zuten lortu, eta ondorioz, eztabaida atzeratzea erabaki zuten. Atzo, asteartea, Bozeramaileen Batzordea egin zuten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek, eta han eztabaidatu eta adostu zuten adierazpenaren edukia. Urriaren amaieran Lezoko hainbat zinegotzik modu pertsonalean sinatutako adierazpen bera da Azpeitiko Udaleko ordezkariek adostu berri dutena.

Honako hau da mozioaren testu osoa:

"Iñaki eta Ainhoari gure babes pertsonal eta solidarioa eskaintzen diegu azpian sinatzen dugunok. Gai pertsonal gisa, ez diogu inori opa sufrimendua eta mina eragiten dieten egoerei aurre egin behar izatea. Horregatik, funtsezkoa da justizia demokratikoa eta herritar guztien eskubideekiko bermatzailea exijitzea, aldi berean ebazpen justuak bermatuko dituena. Era berean, ordezkari publiko guztiek arduraz jokatu behar dute interes orokorraren eta elkarbizitza sozial eta politikoaren defentsan. Egoerak eskatzen duen mailan ekiteko momentua da. Instituzioetan ardurak eta karguak ditugunok interes politikotik at utzi behar dugu interes pertsonala.

Interes pertsonalaren eta politikoaren arteko bereizketari buruz esandakoari jarraiki, aurretik aipatutakoaren irakurketa oro ez da tresna politiko gisa erabili behar.


Sinatzaileak: Eneko Etxeberria, Aitor Gorrotxategi, Estitxu Elduaien, Josu Labaka, Itziar Lasa, Leire Etxaniz, Ainhoa Beristain, Amaia Etxeberria, Agustin Lizarralde, Mikel Ibarzabal, Leire Goenaga, Aitor Bereziartua, Ainara Larrañaga, Nerea Etxeberria, Aritz Azpiazu, Xanti Gurrutxaga, Rebeka Larrañaga".

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) joan zen urriaren 29an erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari helegitea jartzea. EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek, hau da, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen zuen akusazioak Errazkinentzat eta Intxaurrandietarentzat, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eraman zituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara. Dena den, joan zen urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena.