Lorea Etxeberria: "Pertsonei irribarre eginaraztea zoramena da niretzat"

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 14a, 11:47
Lorea Etxeberria, 'Lore Kolore'. (Maialen Etxaniz)

Lorea Etxeberriak (Azpeitia, 1993) eman zion bizia Lore Kolore pertsonaiari. Umoretik edaten badu ere, zenbait balio gerturatu nahi dizkie haurrei. Atseden hartzera doa.

Nondik jaio zen Lore Kolore pailazoa?

Ipuin kontalari hasi nintzen Azpeitiko liburutegian, eta horren harira, hainbat emanaldi eman nituen herrian zein herritik kanpo. Baina Lore Kolore ez zen jaio Zumaiako San Telmo jaiak iritsi ziren arte. Festa herrikoien batzordeko lagun batek txosnagunean haurrentzat zerbait egitera animatzen al nintzen galdetu zidan. Ezetz esaten ez dakidanez, animatu egin nintzen. Banekien festetako txosnagune batean ez zuela ipuin kontaketaren formatuak funtzionatuko. Horregatik, beste emanaldi mota bat prestatzen hasi nintzen, ez baitzat irudimenik falta. Argi nekien haurrak protagonistak izatea nahi nuela, eta ez aspertzeko haiek ikuskizunean parte hartu behar zutela. Ideia horretatik sortu zen Lore Kolore.

Nola eman zenion forma pertsonaiari? Nor da Lore Kolore?

Emanaldiak lotuta nituela aprobetxatuta eta haurrekin egoteko aukera nuela jakitun, zenbait balio sartu nahi nituen ikuskizunetan; ez nuen nahi tuntunarena egitera mugatzerik. Lore Kolore izenarekin jolastuz, kolore bakoitzarekin balio bat lantzea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen. Ikuskizunetan azaltzen nuen Lore Kolore Milakolore izeneko planeta batetik datorrela, eta han denek dutela koloretako bihotza. Milakolore planetan sei lurralde daudela kontatzen nuen: Gorriki, Horiki… Han jendea koloretan janzten dela esaten nuen, eta bertan bizi diren pertsonak denetarikoak direla: altuak, txikiak, potoloak… Baina denek koloretako bihotza dutela kontatzen nien haurrei, eta horregatik oso zoriontsuak direla eta besarkadak ematea atsegin dutela.

Pailazoa izanagatik, ez duzu umorea soilik jorratzen. Denetariko gaiak landu izan dituzu emanaldietan…

Beti saiatu izan naiz lekuan lekura egokitzen, eta antolatzaileei galdetu izan diet zerbait zehatza egiterik nahi zuten. Izan ere, ez dut arazorik egoeretara eta gaietara egokitzeko. Urrestillako San Joan festetan, esaterako, emanaldi berezia eskaini nuen. Ni urrestildarra izanik, mimoz prestatu nuen emanaldi hura. Euskal mitologiari egin nion keinu, eta urrezko tila batetik hainbat gauza ateratzen joan nintzen. Horrez gain, sorginen istorioak kontatu nizkien haurrei, eta haiek pozoia egin zuten. Motxiladun haurren gaia ere jorratu dut, nahiz eta gai delikatua den lantzeko. Nik ez dut dispertsioa lehen pertsonan pairatu, baina baditut hori zer den dakiten lagunak. Ikuskizuna prestatzeko motxiladun haur baten amarekin gelditu nintzen, eta hark lagundu zidan saioa prestatzen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.