Gaur da Errigoraren saskiak eskatzeko azken eguna

Uztarria.eus 2018ko aza. 14a, 09:20

Gaur, asteazkena, da Errigoraren udazkeneko saskiak eskatzeko azken eguna. Elkar-ekin taldea eta Elikagunea arduratu dira aurten kanpaina aurrera eramateaz, eta honako gune hauetan egin ditzakete herritarrek beren eskaerak: Elkargunean, Elikagunean, Orkatzen, Baigeran eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Era berean, Internetetik zuzenean eska daitezke saskiak, www.errigora.eus webgunean. Saski bakoitzak 50 euro balio ditu.

Udazkeneko Errigoraren kanpainan bi saski mota daude, zuria eta beltza, eta bakoitza produktu desberdinekin osatuta dago. Kanpainarekin lortzen duten diruaren %25 Nafarroaren hegoaldean euskara bultzatzeko egitasmoetarako erabiliko dute. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bidez, azken bost urteetan 800.000 euro bideratu ditu Errigorak zonaldean ahobizi eta belarriprestak sortzeko ahaleginera.

Joan zen ostiralean eta zapatuan Ablitasen aritu ziren Errigorako boluntarioak milaka kutxa osatzen, eta bideoan jaso dituzte jardun horren irudiak: