Desgaitasun psikikoa duten pertsonentzat gunea egokituko du Aldundiak, Loiolako Inazio Hiribidean

Uztarria.eus 2018ko aza. 14a, 12:12
Loiolako Inazio Hiribideko 65 zenbakidun lokala.

Udalak proiektua martxan jartzeko hiru lokal utzi dizkio Aldundiari. Loiolako Inazio Hiribideko 65, 77 eta 81 zenbakidun lokaletan desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako eguneko zentroa, bizitokiak eta bestelako baliabideak egokituko ditu erakundeak. Gunea 2019 bukaerarako martxan jartzea aurreikusten du Aldundiak.

Azpeitiko Udalak Loiolako Inazio Hiribideko hiru lokal utzi dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, bertan desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako gunea egokitzeko. Loiolako Inazio Hiribideko 65, 77 eta 81 zenbakidun lokalak hogei urterako utzi dizkio Udalak aldundiari, eta bertan desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako eguneko zentroa, bizitokiak eta bestelako baliabideak egokituko ditu foru erakundeak. Orotara, 1.242 metro karratuko gunea izango da.

Aldundiak azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuen Mapan finkatutako plangintza "garatzen" jarraitzen du erakundeak. "Plangintza horrek arreta premiak gehitu direla jasotzen du hainbat faktorerengatik, eta horien artean dago desgaitasun psikikoak dituztenen eskaerak areagotu egingo direla", azaldu du. Hori dela eta, Aldundiak adierazi du desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako hainbat ekipamendu sortzeko beharra dagoela Azpeitian, eta gune berria 2019 bukaerarako martxan jartzea aurreikusten du. Proiektua lehen fasean da, eta erakundeak ez du haren gaineko xehetasun gehiago eman.

2018an jo zuen Aldundiko Gizarte Politika Sailak Azpeitiko Udalera, lokal horien lagapena eskatzeko. Udalak uztailaren 3ko udalbatzarrean erabaki zuen lagapena gauzatzea, eta Diputatuen Kontseiluak atzo emandako onespenarekin hasiko da Diputazioa proiektua garatzen. Udalaren "prestutasuna" eskertu du Imanol Lasa foru bozeramaileak, eta hark "inor atzean utzi gabe", Gipuzkoa "berdintasunean" oinarritutako lurraldea izatea lortzeko elkarlanak duen balioa azpimarratu du.