'Urola ibaia' eta 'Cien dias de soledad' filmak emango dituzte, ingurumenaz kontzientziatzeko

Uztarria.eus 2018ko aza. 13a, 10:31

Jabier Arenas azpeitiarrak egindako Urola ibaia lana gaur ikusi ahal izango da, 19:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Bihar, berriz, Cien dias de soledad emango dute ordu eta toki berean.

Ingurumenaren garrantziaz ohartarazteko, gaiari buruzko bi ikus-entzunezko eskainiko dituzte gaur eta bihar, Soreasu antzokian. Gaur, asteartea, Jabier Arenas azpeitiarrak egindako Urola ibaia dokumentala izango da ikusgai, 19:00etan hasita. Hogei minutuko lana da Arenasek ondutakoa, eta ibaiaren inguruko historiaz ezagutzeaz gain, bertako faunaren eta landareriaren irudi ikusgarriak ikusi ahal izango dira lanean. Honako lotura honetan irakur daiteke joan zen astean Urola Kostako Hitzak ikus-entzunezko horren bueltan Arenasi egindako elkarrizketa.

Bestalde, bihar, asteazkena, Cien dias de soledad (Espainia, 2016) dokumentala emango dute, 19:00etatik aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiak GNaturaldia topaketen barruan antolatutako egitasmoetako bat izango da biharko emanaldia. Gerardo Olivares eta Jose Diaz dira lanaren egileak, eta horiek teknologiarik eta aurrerapenik gabe ehun egunetan bizi izan zituzten esperientziak ezagutu ahal izango dira ikus-entzunezkoaren bidez.