Amezketako aktore gaztetxoek Soreasuko oholtza alaitu dute

Uztarria.eus 2018ko aza. 12a, 13:34

Aurrera doaz XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak. Egunotan hainbat obra ikusteko aukera izan da kalean nahiz Soreasun, eta gaurkoan, haurren eta gaztetxoen txanda iritsi da. Izan ere, eskolei eta gaztetxoei zuzenduriko antzerki emanaldiak hasi dira gaur, Amezketako Zumadi eskolako ikasleen emanaldiarekin. LH3tik LH6ra bitarteko ikasleak igo dira Soreasuko oholtzara, eta saioarekin hasteko, jostailugile baten istorioa kontatu dute. Hori azaltzeko, pailazoak, sorginak nahiz dantzariak igo dira agertokira, eta beste hainbat haurrek zuzenean abestu dute. Ikusle gaztetxoek gozatu ederra hartu dute Amezketako aktoreei begira, eta antzezlana amaitzean, txalo zaparrada eskaini diete.

Beste hiru egunez ere izango dira Antzerki Topaketen barruan gaztetxoak antzerki mundura hurbiltzeko egin ohi dituzten saioak. Bihar, etzi eta ostegunean eskainiko dituzte umeek emanaldiak, 11:00etan eta 15:30ean.