Figuranteak behar dituzte 'Korosagasti' filmerako

Uztarria.eus 2018ko aza. 12a, 12:13
Urrian hasi ziren 'Korosagasti' filma grabatzen. (Erabaki Produkzioak)

Azpeitian zein Beizama inguruetan ari dira filma grabatzen Erabaki Produkzioakeko kideak. Figurante lanetan aritu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute korosagasti@gmail.com helbidera.

Gorpuzten ari da Erabaki Produkzioaken Korosagasti filma, eta figuranteak behar dituzte filmaren grabaketa lanetarako. Beizamako Korosagasti baserrian 1926. urtean gertatutako krimenetan oinarritzen da Erabaki Produkzioaken azken lana, eta joan zen urrian hasi ziren grabatzen. Azken asteotan Azpeitiko zein Beizamako hainbat txokotan grabatu dute Korosagasti, eta orain, grabaketa lanekin jarraitzeko figurante bila ari dira Erabaki Produkzioakeko kideak. Haiek azaldu dutenez, figurante izan nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute korosagasti@gmail.com helbidera, izen-abizenak eta adina zehaztuta. Datu horiez gain, argazki bat atxiki beharko dute figurate izan nahi duten lagunek. 

2017an hasi ziren Korosagasti proiektua martxan jartzen Erabaki Produkzioak osatzen duten Asier Sustaeta, Oihan Amezua eta Netzer Bereziartua. Egun, 30 bat laguneko taldea ari da lanean. Gidoia Alaitz Olaizolak, Asier Sustaetak eta Miren Gorrotxategik idatzi dute, eta Itziar Elias ari da arte zuzendaritzaz arduratzen. Aktore zuzendaria, berriz, Idoia Uranga da, eta jantzien ardura Xanti Alkortarena da. Irudi zuzendaritzan, aldiz, Oihan Amezua ari da. Orotara, 48 aktorek parte hartuko dute filmean, eta horietako asko bailarakoak dira.