'Eskaini Berria zure tabernan' kanpainarekin bat egin du Udalak

Uztarria.eus 2018ko aza. 9a, 18:20
Uemako, Berriako eta kanpainarekin bat egin duten zenbait udaletako ordezkariak. (Uema)

Uemak eta Berria taldeak jarri dute martxan kanpaina, ostalaritza sektorean euskarazko prentsaren presentzia areagotzeko helburuarekin. 'Berria' egunkaria eskuratzeko erraztasunak izango dituzte kanpainarekin bat egin duten herrietako tabernariek.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Berria taldeak Eskaini Berria zure tabernan kanpaina jarri dute martxan. Euskaraz irakurtzea eta ostalaritzan nahiz zerbitzu sektorean euskarazko prentsa herritarren eskura egotea euskaraz bizitzearekin lotzen ditu kanpainak, eta irakurketa ohituretan euskara sustatzea du helburu. Egitasmo horrekin bat egin dute 24 udalek, eta horien artean dago Azpeitiko Udala.

Uemako kide diren herrietako ostalaritza sektorean euskarazko prentsaren presentzia areagotzea da kanpainaren helburua. Hori lortzeko, tabernetara, jatetxeetara eta kafetegietara Uemak eta Berria taldeak sinatutako gutuna bidaliko dute, nahi duenari hilabetez Berria egunkaria doan jasotzeko aukera emanez. Ostalariek nahikoa izango dute harpidetza@berria.eus helbide elektronikora edo 674 079 081 whatsapp zenbakira idaztea hilabeteko harpidetza doan eskatzeko. Era berean, Berria taldeak edozein herritarri aukera emango dio esateko zein tabernatan, jatetxetan edo kafetegitan irakurri nahiko lukeen Berria. Nahikoa da eskaera  www.berria.eus/eskatuberria/ helbidean egitea. Datuak eskuratzean, Berria taldeak hilabete batez doan banatuko du egunkaria taberna, jatetxe edo kafetegi horietan.

Ondoren, nahi izanez gero, taberna, jatetxe edo kafetegi horrek, hurrengo sei hilabeteetan, eskaintza berezi baten bidez jaso ahal izango du egunkaria. Zehazki, Berria taldearen sei hilabeteko eskaintza horri esker, Berria egunero 150 euroren truke jasoko luke ostalariak. Gastu horren erdia tabernariak eta beste erdia udalak ordainduko luke; horretarako prest agertu dira kanpainarekin bat egin duten 24 udalak.

Kanpaina, Euskaraldiarekin bat

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoa denez, harekin batera aurkeztu dute kanpaina. Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak eskerrak eman dizkie Uemari zein kanpainan parte hartu duten udalei, guztien ekarpenari esker ostalariek erraztasunak izango dituztelako Berria eskuratzeko eta herritarrei eskaintzeko. "Urte hauetan guztietan taberna, jatetxe eta kafetegietan Berria jaso eta eskaini izan duten ostalari asko daude. Horiek egiten duten ahalegina nabarmendu eta eskertu nahi dugu, eta bide horretara ekarri nahi ditugu oraindik pausoa eman ez dutenak", erantsi du.

Uemako lehendakari eta Azpeitiko Euskara zinegotzi Josu Labakak ere hartu du hitza: "Oro har euskaraz aritzen garen arren, oraindik ere arlo ugaritan hutsuneak  daude eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lan asko egin beharko dugu denon artean. Horietako arlo bat hedabideena da. Berria da munduari euskaraz begiratzeko daukagun egunkari nazional bakarra. Bere horretan, arnasgunea da, zaindu beharrekoa, beraz, eta hori da kanpaina honekin Uemak eta 24 udalek egin nahi izan duguna". Dena dela, Uema merkataritza euskalduntzeko egiten ari den bidearen eta lanaren baitan ere kokatu du Labakak kanpaina: "Taberna, jatetxe eta kafetegietan kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz egoteko, hizkuntza paisaian eragiteko, eta bezeroak bertako hizkuntzan aritu ahal izateko egiten dugun lanaren testuinguruan ulertzen dugu kanpaina hau, udalerri euskaldunetako tabernetan euskarazko prentsa herritarren eskura egotea ezinbestekoa delakoan. Oraindik urrats hori egin ez duten ostalariei, beraz, dei egiten diegu euskara eta euskarazko prentsa herritarren eskura jar ditzaten, tabernaren edo jatetxearen eguneroko osagai gisa".