Matxin III.a eta Ion elkarrekin ariko dira gaur hasiko den 48. Binakako Erremonte Txapelketan

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko aza. 8a, 08:58

Guztira, sei bikote ariko dira nor baino nor lehian, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko duten txapelketan. Lehenik ligaxka jokatuko dute, eta lau bikote sailkatuko dira finalerdietara. Abenduaren 29an izango da finala.

Txapelketaren aurkezpeneko irudia –Ion ez zen izan bertan–. (Oriamendi)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gaur, osteguna, hasiko da 48. Binakako Erremonte Txapelketa, eta Azpeitiko bi pilotarik parte hartuko dute lehian: Matxin III.ak eta Ionek. Gainera, horiek elkarrekin ariko dira binakako txapelketan. Horiez gain, beste bost bikote ariko dira nor baino nor, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko duten txapelketan: Urriza eta Larrañaga, Ansa II eta Barrenetxea IV, Uterga eta Azpiroz, Ezkurra II eta Etxeberria III eta Juanenea eta Endika.

Lehenik ligaxka jokatuko dute, eta fase hori abenduaren 8an bukatuko da. Lau bikote onenek jokatuko dituzte finalerdiak, eta finala abenduaren 29an izango da. Gaurko partidan Juaneneak eta Endikak Utergaren eta Azpirozen aurka neurtuko dituzte indarrak.

2011tik 2016ra, bost aldiz jokatu du binakakoaren finala Ionek; azken bietan galtzaile izan arren, aurreko hiruetan txapela jantzi zuen: 2011n, 2013an eta 2014an.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu