Jabier Arenas: "Asko eman dit Urola ibaiak, eta omenaldia egin nahi izan diot"

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 8a, 11:19

Jabier Arenasek Urola Ibaia dokumentala egin du, eta ikus-entzunezko lanaren bidez, bailara zeharkatzen duen ibaiak daukan aberastasuna agerian utzi du azpeitiar bideoegileak.

Umea zenetik lotura berezia du Urola ibaiarekin, eta hura omendu nahian, Urola Ibaia dokumentala egin du Jabier Arenasek (Azpeitia, 1951). Urteetako esperientziaz baliatuta, irudi ikusgarriekin osatu du ikus-entzunezkoa, eta hainbat ikastetxetan eskaini ondoren, Azkoitiko Elkargunean ari dira ematen aste honetan; gaur eta bihar, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan eskainiko dute, eta etzi, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Datorren asteartean, berriz, Azpeitiko Soreasun ikusi ahal izango da "adin guztietako pertsonei" zuzendutako dokumentala, 19:00etan. Dokumentalaren trailerra hemen ikus daiteke.

Zer erakusten du lanak?

Lehenengo zatian, ibaiaren historia eta datu batzuk azaltzen ditut. Besteak beste, 70eko hamarkadan ibaia erabat kutsatu zela eta 2000. urtean araztegiek arazoa konpondu zutela kontatu dut. Aurkezpena eginda, ibaiak gaur egun duen bizia azaldu dut, hau da, han zein hegazti, arrain, landare edota intsektu bizi diren erakutsi dut. Urolak aberastasun handia dauka, jendeak uste duena baino askoz handiagoa. Bizitza osoa Urola ibaiari lotuta daramat, eta ni neu ere harrituta geratu naiz zenbait gauzarekin.

Nondik nora sortu da dokumentala egiteko ideia?

Nire lagun Luis Juaristik animatu ninduen dokumentala egitera. Oso ekologista da bera, eta hark sustatu du proiektua. Nik, berriz, 30 urtez Euskal Telebistan egin nuen lan, eta bost urte daramatzat jubilatuta. Orduko jarduna berreskuratu nahi nuen nik ere, eta modu horretara hasi ginen biok dokumentala egiten. Gaur egun, Juaristi arduratzen da dokumentalaren zabalkundeaz. Izan ere, asmoa da dokumentala ahalik eta gehien zabaltzea, batez ere, ikastetxeetan.

Zergatik jorratu duzu Urola ibaiaren gaia?

Hemen daukagun ibaia delako. Gainera, ibaiari omenaldia egin nahi izan diot. Izan ere, asko eman dit ibai horrek. Jende askok ez du ezagutzen Urola, eta haiei erakutsi nahi diet zer dagoen bertan. Jendeak ezagutzen ez dituen gauza harrigarri batzuk agertzen dira bideoan.

Adibidez?

Barboek arrautzak nola jartzen dituzten erakutsi dut, ur azpiko kamera baten bidez. Arrain horiek lasai-lasai igarotzen dute urte osoa, oso arrain geldoak dira. Ekainean, egun luzeenak direnean, ordea, arrautzak jartzen dituzte, eta aztoratu egiten dira. Beraien artean borrokan hasi, eta batak bestearen arrautzak jaten eta harrapatzen ditu.

Nola dokumentatu zara ikus-entzunezkoa egiteko?

67 urtean nabil ibaiaren inguruan, eta bizitzan zehar neureganatu dudan esperientzia da dokumentazioaren zatirik handiena. Horrez gain, beste hainbat datu Interneten aurkitu dut. Ibaian gauza guztiak ez dira aldi berean gertatzen, espezie bakoitzak bere zikloak baititu. Beraz, urte oso batez hartu ditut irudiak, hau da, iazko maiatzetik aurtengo maiatzera artean egin ditut grabaketak. Badakit espezie bakoitzaren zikloak zein diren, eta horren arabera joan naiz grabaketak egitera.

Urola ibaiarekin daukazun lotura handia dela diozu.

Ume koskorra nintzenetik daukat ibaiarekin harreman estua, eta ez nik bakarrik, nire belaunaldi osoak baizik; batez ere, mutilek. Atxubiagako eta Amuko presan bainatzen ginen umeak ginela, eta uda osoak igarotzen genituen haietan sartuta, ezkailuak eta karramarroak harrapatzen. Karramarro asko zegoen garai hartan, eta obretatik adreiluak hartzen genituen horiek harrapatzeko. Uretan uzten genituen adreiluak, eta hango zuloetan gordetzen ziren karramarroak. Hurrengo egunean, adreiluak uretatik atera, eta makilatxoekin ateratzen genituen karramarroak. Ondoren, ibaian botata zeuden piper pote handi batzuk hartzen genituen. Poteak urez bete, gatza bota, eta karramarroak sutan egosi ondoren, ibai ertzean jaten genituen. Gauza asko egiten genituen ibaian, baina orain ez da halakorik ikusten.

Asko aldatu al da Urola?

Bilakaera bat izan du, eta orain hegazti gehiago bizi da han. Izan ere, urte askoan ibaia kutsatuta egon zen, eta garbitu zutenean hegazti asko hasi ziren etortzen. Bideoan agertzen diren hegazti gehienak, 60ko hamarkadan esaterako, ez zeuden eta zentzu horretan, aberastu egin da.

Eta jendeak ibaiarekin duen harremana nola aldatu da?

Denborarekin asko galdu da. Jendea ibaiaren ondotik igarotzen da, batzuek ogia botatzen diete hango ahateei, baina ez daukate harreman gehiago ibaiarekin. Horrez gain, oraindik ikusten dira gazte batzuk arrantzan, baina horietako askok zubitik egiten dute, eta hori ez da ibaiarekin harremana edukitzea. Arrantzan egiteko, ibaian bertan egon behar duzu: uretan busti, ura usaindu, arrainak eskuetan eduki... Ibaia garrantzitsua da, baina jendeak ez dio dagokion balioa ematen. Ziur nago jendeak ez dakiela dokumentalean agertzen diren animalia eta landare gehienak Urola ibaian bizi direla.

Ahaztu egin al gara ibaiaz?

Ahaztu baino, inoiz ez gara jabetu haren balioaz. Gure garaian, ez genuen kultura ekologikorik, baina harreman estuagoa genuen ibaiarekin, gure jolaslekua zelako hura. Hala ere, gertuko gauzak ez ditugu preziatzen, beti gertatu ohi den bezala. Orduan, lanak zerbait erakusteko balio baldin badu, gustura geratuko naiz.

Orain arte, zer harrera izan du lanak?

Azpeitian, 14-15 urteko gaztetxoek ikusi zutenean, txalo zaparrada luzea jo zuten. Azkoitiko ikastetxean, berriz, ikasle askok galderak egin zizkidaten, eta interes handia agertu zuten haiek. Askori berria eta gertukoa egiten zaie Urolaren inguruko dokumentala.