Ekintzaz josita iritsi da azaroa Udal Liburutegira

Uztarria.eus 2018ko aza. 7a, 13:19
Pello AƱorgaren ipuin kontaketako irudia. (Azpeitiko Udal Liburutegia)

Datozen asteetan denetariko ekintzak egingo dituzte liburutegian, haur eta gaztetxoei zuzenduta. Besteak beste, ipuin kontaketak, eskulan tailerra eta marrazketa saioa izango dira azaroan zehar. 

Urrian antolatutako ekintzen izandako harrera beroaren ostean, eskaintza zabala prestatu du Udal Liburutegiak azarorako. Izan ere, denetariko ekintzak prestatu dituzte datozen asteetarako. Joan den astelehenean hasi ziren azarorako prestatutako ekintzak Pello Añorgaren ipuin kontaketarekin. Gogotik gozatu zuten liburutegira bertaratu ziren haurrek. Azaroaren 12an izango da antolatutako hurrengo hitzordua, eta hilaren 28ra arte izango da zer egin eta zertaz gozatu Udal Liburutegian. 

Hilaren 12an, aastelehena, ipuin kontaketa izango da Mirian Mendozaren eskutik, 6-8 urteko haurrei zuzenduta. Saioa, 18:00etan hasiko da. Hilaren 14an, LH1 eta LH2ko haurrei zuzendutako eskulan tailerra eskainiko dute liburutegian, 18:00etan hasita. Azaroaren 15ean, aldiz, Urrestillara mugituko dira liburutegiko arduradunak, han ere liburutegi zerbitzua eskaintzeko. Azaroak 19an, beste ipuin kontaketa bat izango da. Egun horretan, Maite Franko arituko da ipuin kontalari. Saioa 4 urteko haurrei zuzenduta dago, eta 18:00etan hasiko da. Azaroak 21ean, literatura izango da protagonista berriro. Hain zuzen, 18:00etatik aurrera Ipuinaren Ordua egingo dute 4 eta 5 urteko haurrei zuzenduta. Azaroko azken ipuin kontaketa Eneko Haritzak eskainiko du, hilaren 26an. Saio hori 5 urteko haurrei zuzendutakoa izango da, eta 18:00etan hasiko da. Marrazketa saioarekin itxiko dute azarorako prestatutako egitaraua, hilaren 28an. Egun horretan liburutegira gerturatzen diren haurrek zer margotu izango dute, 17:30ean hasita, Haurren Txokoan. 

Urriko datuak

Liburutegiko arduradunek adierazi zutenez, "oso harrera ona" izan zuten urrian antolatu zituzten ekintzek. Liburutegien Nazioarteko Egunera begira prestatu zituzten zenbait hitzordu, eta bost egunetan, herriko ikastetxeetako ikasleen zortzi bisita jaso zituzten. Orotara, 200 ikasle inguru izan zen Enparan dorretxea ezagutzen eta liburutegiaren funtzioa ezagutzen. Eskulan tailerrak 34 haur elkartu zituen, eta 130 ume inguru izan zen ipuin kontaketaz gozatzen. Urtero gisan, Goienetxe fundazioko eta San Martin egoitzako erabiltzaileek ere liburutegira bisita egin zuten joan den astean, eta 25 lagun elkartu zen literaturaren bueltan. Julenen Magia ikuskizunak itxi zuen egitaraua, eta ehundik gora haur eta gaztetxo bertaratu zen Azpeitiko mago gaztearen emanaldia ikustera.