Iñaki Errazkinen aldeko babes adierazpenaren eztabaida atzeratu egin dute

Uztarria.eus 2018ko aza. 7a, 12:18
Atzoko udalbatzarreko irudia. (Azpeitiko Udala)

Atzoko udalbatzarrean ziren Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate eta Ingurumen diputatu ohiari babesa agertzeko mozioa eztabaidatzekoak, baina gaia ez zuten landu, Udaleko bi alderdiek ez zutelako testua onartzeko adostasunik lortu. Horrenbestez, datorren asteartean Bozeramaileen Batzordea deituko dute, eta han eztabaidatuko dute adierazpenaren edukiez.

Atzo, asteartea, egin zuen udalbatzarrak azaroko ohiko bilkura, eta gai-zerrendako azken puntua eztabaidatu gabe utzi zuten udal ordezkariek. Hain zuzen ere, Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate eta Ingurumen diputatu ohiari babesa adierazteko mozioa bozkatzekoak ziren udaleko alderdiak, baina adostasunik ez zutela lortu eta, adierazpenaren eztabaida atzeratzea erabaki zuten. Horrenbestez, datorren asteartean Bozeramaileen Batzordea deituko dute, eta han eztabaidatuko dute adierazpenaren edukiez. Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, "keinu bat" egin nahi diote Errazkini, eta hitz egiten aritu dira bi udal taldeetako kideak, baina "denbora" hartzea erabaki dute, adostasunera ez direlako iritsi. "Astebetean adostasunera heltzeko saiakera egiteko konpromisoa hartu dugu. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu, ahal baldin bada, denok babesa agertzea Azpeitiko alkate izan zen Iñaki Errazkini". 

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) joan zen urriaren 29an erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari helegitea jartzea. EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek, hau da, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen zuen akusazioak Errazkinentzat eta Intxaurrandietarentzat, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eraman zituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara. Dena den, joan zen urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena.