Sei familiak parte hartuko dute Bizilagunak egitasmoaren Azpeitiko lehen hitzorduan

Uztarria.eus 2018ko aza. 7a, 11:44
Bizilagunak 2018 egitasmoaren kartela.

Igandean elkartuko dira bazkaltzeko familiak, binaka; aurretik ere elkartuko dira, ordea, elkar ezagutzen hasteko. Jatorri desberdinetako herritarrak batzea eta elkar hobeto ezagutzeko zubiak eraikitzea da SOS Arrazakeriak suatatuta Euskal Herri osoan egiten den egitasmoaren helburua.

Urrian jakinarazi zuten Azpeitiak lehen aldiz egingo zuela bat aurten Bizilagunak egitasmoarekin. Urtean behin, mahaiaren bueltan elkartzen dira herri bereko jatorri desberdinetako familiak eta lagunak, bazkaltzeko, SOS Arrazakeriak sustatutako programa honen barruan.

Datorren igandea, azaroaren 11, da Bizilagunak aurten gauzatzeko aukeratu duten data. Azpeitian, sei izango dira herrian lehen aldiz gauzatuko den esperientzian parte hartuko duten familiak. Horrela, herriko hiru etxetan elkartuko dira jatorri desberdinetako familiak bazkaltzera, familiak binaka elkartuko dira eta. Bazkari bakoitzean, familiez gain, dinamizatzaile lanak beteko dituen beste herritar batek parte hartuko du. Hain zuzen ere, dinamizatzaile horren bidez, igandea baino lehen izango dute familiek elkar ezagutzeko modua, asteburuan mahaiaren bueltan elkartu aurretik elkarren berri izateko.

Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean prestatu du Bizilagunak egitasmoaren Azpeitiko lehen hitzordua izango dena; ikastetxeek, Elkar-ekinek, Caritasek, janari bankuak, arropa bankuak eta Loiola Zentroak babestu dute ekimena.