Ekoetxea kudeatzeko hitzarmena berrituko dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2018ko aza. 7a, 11:49
Ekoetxea.

Hitzarmen berria atzoko udalbatzarrean onartu zuten EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek aho batez. Hiru urterako akordioa erdietsi dute bi erakundeek, eta Udalak 135.000 euro jasoko ditu Ekoetxea kudeatzeko.

Egibar baserriko Ekoetxea Azpeitia museoa kudeatzeko hitzarmena berrituko dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak. Hitzarmen berria atzoko udalbatzarrean onartu zuten EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek aho batez. Hain zuzen ere, hiru urterako akordioa erdietsi dute bi erakundeek, eta Udalak 135.000 euro jasoko ditu Ekoetxea kudeatzeko. Orain arte 120.000 euro jasotzen zituen Udalak hitzarmenaren bidez, baina aurrerantzean 15.000 euro gehiago izango ditu erakundeak Ekoetxearen funtzionamendu gastuetarako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu Ekoetxearen atariko Xaguxatar parkearen mantenu gastuak, eta horiek 15.000 euro ingurukoak dira.

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 1980an hasi zuten Ekoetxea –orduan Ingurugiro Etxea– kudeatzeko lankidetza, eta zentroa 1987an inauguratu zuten, umeei zuzendutako museo gisa. Urdaibaiko Ekoetxearekin batera, ingurumen zentroen sareko gunerik zaharrena da Azpeitikoa. Zabaldu zutenetik hona askotariko gaiak landu dituzte zentroan, beti ere ingurumenaren inguruko kontzientziazioa sustatzeko.