Zabalik da Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko aza. 12a, 10:30

Udalak eta Kirol Mahaiak hiru sari banatuko dituzte, eta horietarako hautagaiak edozein herritarrek proposatu ahal izango ditu, azaroaren 12tik 18ra arte. Hautagaien zerrenda osatzean, botoa emateko fasea hasiko dute. Hainbat aukera izango da kirolari onenen aldeko boza emateko, azaroaren 20tik 27ra. Epaimahaiak erabakia hartu ostean, abenduaren 15ean izango da Kirol Sarien ekitaldia.

Iazko Kirol Sarietako irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak aurten ere antolatu dituzte Kirol Sariak, eta elkarteek nahiz norbanakoek sari horien hautagaitzak proposatu ahal izango dituzte gaurtik hilaren 18ra, igandea, bitartean. Orotara hiru sari banatuko dituzte abenduaren 15ean egingo duten ekitaldian: urteko gizon kirolariaren saria (norbanakoa edo taldea izan daiteke); urteko emakume kirolariaren saria (norbanakoa edo taldea izan daiteke); eta urteko boluntarioari aipamen berezia (norbanakoa edo taldea izan daiteke). Hiru sarietarako hautagaien proposamenak edozein herritarrek egin ahalko ditu.

Herritarrek azaroaren 12tik 18ra bitartean egin ahal izango dituzte proposamenak, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita, Kirol Saileko 943-15 00 95 telefonora deituta edo Udal harrera erregistrora bertaratuta. Kirol taldeek ere epe bera izango dute ekarpenak egiteko, baina horiek kirolak@azpeitia.eus helbidera bidali edo Udal harrera erregistrora eraman beharko dute proposamena eranskinarekin batera. Udalak azaldu duenez, proposamenak egiterakoan, kirol emaitzez gain, bestelako balioak eta lorpenak kontuan hartzea garrantzitsua da.

Botoak, ondoren

Kirol klubek eta herritarrek hautagaia aukeratzeko botoa emateko parada izango dute azaroaren 20tik 27ra bitartean. Klubek eta herritarrek osatutako hautagai guztiekin zerrenda argitaratuko dute Udalak eta Kirol Mahaiak, eta herritarrek zerrenda horretatik aukeratu ahal izango dituzte sarietarako hautagaiak. Botoa emateko hiru bide izango dituzte herritarrek: igerilekuan eta kiroldegian jarriko dituzte postontziak, kirolak@azpeitia.eus helbide elektronikoa edo Kirol Saileko 943-15 00 95 telefono zenbakia. Kirol klubek, berriz, kirolak@azpeitia.eus helbidearen bidez edo 943-15 00 95 telefono zenbakiaren bidez egin ahal izango dute aukeraketa.

Epaimahaia abenduaren 3tik 5era bitartean bilduko da, eta jasotako proposamenak kontuan hartutako aukeratuko dituzte 2018ko urteko gizon eta emakume kirolariak nahiz kirol boluntario sariaren irabazlea. Kirol Sariak abenduaren 15ean, larunbatez, banatuko dituzte, 12:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu