Utergak eta Labakak irabazi dute Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2018ko aza. 3a, 13:36
Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketako txapeldunak eta txapelunordeak udal ordezkariekin (Oriamendi 2010)

Atzo, ostirala, jokatu ziren Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketako finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Txapela, Loiolaren izenean jokatu duten, Utergak eta Labakak irabazi dute. Txapeldunordeak, Matxinbentaren izenean aritu diren, Matxin III.a eta Agirrezabala izan dira.

Erabaki dira Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketako irabazleak. Atzo, 18:30etik aurrera, jokatu ziren txapelketako azken bi partidak: finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Aurten, berrikuntza gisa, toki-izen baten izenean jokatu dute bikoteka erremontistek. Finala Utergak eta Labakak (Loiola) Matxin III.aren eta Agirrezabalaren (Matxinbenta) jokatu zuten. 40-36 irabazi zuten partida Utergak eta Labakak, txapela irabaziz.
Hirugarren eta laugarren postuko partidan onenak Juanenea eta Larrañaga (Azkoitia) izan ziren Azpirozen eta Ionen (Urnieta) kontra; 35-34 egin zuten markagailuan. Azpirozekin Ansa II.ak jokatu behar zuen atzokoan, baina pilotak sudurra hautsi eta baja izan zen atzoko norgehiagokan.

Urriaren 12tik sei bikote lehiatu dira Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketan, bi taldetan banatuta. Jaialdi guztiak ostiralez jokatu dira Izarraitz pilotalekuan, 18:30ean hasita