Igandean itxiko da III. Irudhitzen lehiaketara irudiak bidaltzeko epea

Uztarria.eus 2018ko aza. 2a, 12:34

Koloreak da aurtengo argazki lehiaketaren gaia. Irudiak lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali behar dira, eta igandea izango da horretarako azken eguna. Aurkeztutako irudi guztien artetik hamabi nabarmenduko ditu epaimahaiak, eta orduan zabalduko da irudiei hitzak jartzeko epea. Irudien eta hitzen ataleko irabazkeek 150 euroko saria jasoko dute. Irudhitzen lehiaketako argazkiekin eta testuekin 2019ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.

Igandera arte bidal daitezke argazkiak Uztarria Komunikazio Taldeak martxan jarritako Irudhitzen lehiaketara. Joan zen urriaren 15az geroztik dago martxan irudiak eta hitzak uztartzen dituen III. Irudhitzen lehiaketa. Uztarria Komunikazio Taldeak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta haren xedea da herritarrak euskarazko edukiak sortzera bultzatzea. Horretarako bi zatitan banatutako lehiaketa jarri dute martxan, eta lehen atala, argazkiena, amaitzear da. Aurtengorako aukeratutako gaia Koloreak da, eta nahi duen orok gai hori oinarri hartuta Azpeitian ateratako argazkiak bidali ahal izango ditu lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera. Igandean, azaroaren 4an, itxiko da argazkiak bidaltzeko epea.

Honako hauek dira argazki lehiaketaren oinarriak:

  • Gaia: Koloreak.
  • Zuri-beltzean nahiz koloreetan bidal daitezke argazkiak, betiere koloreak eta kontrasteak nabarmenak badira.
  • Irudia Azpeitian ateratakoa izatea.
  • Parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkia horizontala izatea eta JPG formatuan aurkeztea.
  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki bidal ditzake.
  • Aurkezten diren irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute.
  • lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali behar dira irudiak. Azaroaren 4a izango da horretarako azken eguna. 

Argazkien epaimahaia herriko hiru argazkilarik osatuko dute aurten: Xanti Rodriguez, Ainara Garcia eta Alberto Beloki. Argazkilariek hamabi irudi nabarmenduko dituzte, eta horietako bat izango da irabazlea. Irudi horren egileak 150 euroko saria irabazkiko du.

Testuak, ondoren

Irudien lehiaketa itxita, testu laburren lehiaketa jarriko du martxan Uztarriak. Parte-hartzaileek Rodriguezek, Garciak eta Belokik aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jarri beharko dizkiete. Azaroaren 5ean zabalduko da hitzak aurkezteko epea, eta hil horren 19an itxiko da. Xabier Gantzarain, Miren Gorrotxategi eta Leire Ostolaza arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi nabarmentzeaz. Horietako bat izango da testu irabazlea, eta egileak 150 euroko saria eskuratuko du.

Honakoak hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi. Argazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak. 
  • Azaroaren 19a izango da testuak bidaltzeko azken eguna.

2019ko egutegia eta Irudhitzen erakusketa

Irudhitzenera aurkezten diren irudietatik eta testuetatik epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiekin eta hitzekin osatutako 2019. urteko egutegia kaleratuko du Uztarria Komunikazio Taldeak, eta bazkideek etxean jasoko dute. Azken urteetan Irudhitzen egutegia urtarrilean banatu bada ere, aurten, Uztarriaren bazkideek 2018ko abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute 2019ko Irudhitzen egutegia. Gainerakoek, berriz, erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1).

Ondoren, Irudhitzenera aurkeztutako material guztiarekin erakusketa bat prestatuko dute Uztarriak eta Kulturaz kooperatibak. Modu horretan, 2019 urte hasieran III. Irudhitzen lehiaketak utzitako argazki eta testu guztiak ikusgai izango dira Sanagustin kulturgunean. 

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea

II. Iruhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea