The Bobby's eta El Sonido De La Metralla taldeen kontzertuak izango dira zapatuan Gaztetxean

Uztarria.eus 2018ko aza. 1a, 17:33
The Bobby's taldea. (Eunate argazkiak)

The Bobby's taldeak labetik atera berri duen Ispilura begira diskoa aurkeztuko du, eta El Sonido De La Metrallak punk-rock doinuak eramango ditu Gaztetxera.

Punk-Oi! doinuak iritsiko dira zapatuan, azaroaren 3an, Azpeitiko Gaztetxera. Horretaz arduratuko dira Errenteriako The Bobby's eta Iruñerriko El Sonido De La Metralla musika taldeak, eta kontzertuak eskainiko dituzte 22:30ean hasita Gaztetxean. The Bobby's taldeak atera berri duen Ispilura begira diskoa aurkeztuko du zapatuan. Errenteriakoen hirugarren diskoa da Ispilura begira, eta duela hilabete inguru atera zuten labetik. El Sonido De La Metralla taldeak elkarbanatuko du he Bobby'seko mutilekin Gaztetxeko oholtza handia. Iruñeko taldeak 2017an kaleratu zuen bere azken lana, Nada mas cerca de la realidad izeneko diskoa. Bertako kantuak eta gehiago ekarriko dituzte Azpeitira. 

Goizean, Hitza eta ekintza jardunaldiak

Gaueko hitzordua izango da The Bobby's eta El Sonido De La Metralla taldeen kontzertuena, baina goizean ere izango da zer egin Gaztetxean. Izan ere, zapatuan hasiko dira Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek antolatutako Hitza eta ekintza jardunaldiak. Egun horretan, 11:00etan hasita, 1966-70. Etxebarrieta anaien garaia hitzaldia eskainiko du sasoi hartan ETAko militante izandako Emilio Lopez de Adan Beltzak. Jardunaldien antolatzaileek aurreratu dutenez, "ETAren V. biltzarreko ebazpen teorikoen zein auzi praktikoen gainean" mintzatuko da Beltza.