Aralarkoa izateaz harro!

Amaia Segurola eta Aiora Goikoetxea | Iritzia
2018ko aza. 1a, 16:00

Aralarko pistak eztabaida sortzen ari dira azken aldian abeltzainen artean. Honako hau Amaia Segurola azpeitiarrak, Abel Segurola artzainaren alabak, eta Aiora Goikoetxeak idatzitako iritzi artikulua da. Azpeitiarraren artaldeak Txindoki magalean pasatu ohi du uda. Aralarretik Azpeitirako 50 kilometro inguruko bidea oinez egiten du Segurolak. Iaz ere utzi zuen trashumantziaren postala herrian.

Segurolaren artaldeak iaz egindako trashumantzian Azpeitian hartutako irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Bertan sortu, jaio, hazi, bizi eta ahal bada azken arnasera arte bertan egon. Sarritan galdetzen digute ea zein den mendian egotearen arrazoia, guk esango genuke bizitzan ezeren faltarik sumatu ez dutelako diotela hori.

Txiki-txikitatik dakigu lana zer den, naturarekin eta animaliekin bizitzen. Gertutik ezagutzen dugu mundu hau, artzain eta ganaduzaleena, beste ezer baino gertuago izan dugulako eta giro horretan hazi eta heziak izan garelako. Txiki-txikiak ginenetik gabiltza mendi honetan; lehenengo aldiz, urtebete baino gutxiago genuela igo gintuzten, eta, geroztik, bertan igaro ditugu gure bizitzako uda guztiak. Gure gurasoek gazta ekoizten dute txabolan, eta betidanik ikusi dugu nolakoa den mundu zoragarri hau. Eguraldi onarekin nahiz txarrarekin bizi izan gara bertan, eta badakigu nolakoak diren egun lainotsu eta hotzak edo eguzkitsuak. Urte gutxi genituenetik ibili gara mandoekin gora eta behera txabolan egon ahal izateko gauzak igotzeko. Ardiak goiz eta iluntzero jetzi, eta gazta ekoizten dugu. Jendeak ez du ezagutzen gure bizimodua, eta oso bestelako ideia bat dute buruan. Aralarrek hainbat momentu goxo eman dizkigu, baina zenbait unetan bere aurpegirik latzena erakutsi digu. Mendi hauek inork baino hobeto ezagutzen gaituzte, guk beraiek baino hobeto; gure eboluzioa ikusi dute, gure lehen pausoak, gure irribarre zabalenak, gure bizitzako momenturik ederrenen testigantza dute, guzti-guztia dakite gutaz. Ez da mendia eta animaliak gustuko ditugula, baizik eta behar ditugula. Ez dugu ulertzen jendeak hiltzailetzat hartzea mendia txikitu nahi dugula esatea, gure ahotik ez da irten mendia suntsitu nahi dugula, gure bizitza eta gure etxea suntsitzeaz salatu nahi gaituzte eta ez da egia. Pistak egitea behar-beharrezkoa da, ezin dugu baldintza kaxkar hauetan jarraitu.

Badakigu gutxi garela beti errepikatzen duzuen moduan, baina nork nahiko du egoera honetan lanean jarraitu? Gazterik ez dagoela pentsatzen dute, mendian ez omen gara egoten, baina ondo begiratzen ote dute? Guk ez ditugu egun bat eta bi bakarrik igarotzen, uda ia bere osotasunean bertan pasatzen dugu. Eta bai, pisten alde gaude, eta garbi esango dugu. Ez dugu autopista bat egiterik eskatzen; gure jana eta behar-beharrezko gauzak txaboletara eraman ahal izateko pista bat baino ez. Ez dugu mendia hiltzerik nahi. Orain duen bezalako xarma eta edertasuna izaten jarraitzea nahi dugu. Badakigu horretarako mendia markatu beharko dela, baina naturak bere egiten ditu aldaketak azkenerako. Gorputzean egiten ditugun zauriak bezala pixkanaka sendatuz joaten dira, eta arrasto bat duelako Aralarrek ez du galduko bere edertasunaren zati bat ere. Bestela, Goroskintxura bueltatxo bat egitera gonbidatzen zaituztegu, hor baitugu pistak egin zireneko adibide bat, eta, nahiz eta ekologista eta naturazaleek ezezkoa esan, zati horrek behintzat ez du hainbesteko inpakturik sortu, eta esan dezala bestela kontrakoa Txindokira egun batez joan eta antzeman ere egiten ez duenak.

Garbi ikusten dugu batzuen egoskorkeriaren fruitu dela hau guztia, gure ogibideari oztopoak jartzen ari dira, eta guk beraiei zer egin diegu hau merezi izateko? Beraiek ez gaituzte mendian nahi, baina ez dira konturatzen mendiak guk bera adina behar gaituela. Gu ez gaudenean oraingo Aralar izateari utziko baitio, eta bere xarma galduz bakarrik geldituko da negu hotzaren pare, inork ez baitu bertara joan nahiko, eta hainbeste erabiltzen dugun natur parke hitza galduko da.

Galtzeko arriskuan dauden espezieak babesteaz hitz egitean, ahoa betetzen zaie, baina ez dira konturatzen desagertze egoeran dagoen espezieen pare dagoela lehen sektorea, eta, horregatik, ahal dugun guztia egin behar dugula hainbeste urtean iraun duen ogibide garrantzitsu hau salbatzeko eta aurrera jarraitzeko. Ezin dugu albo batera utzi, lehen sektorea dagoen zulotik ateratzen saiatu behar gara, industriak adinako garrantzia baitu. Hori guztia dela eta, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure alde egiten duzuen guztiei, bai sektorekoei eta sektore honekin zerikusirik ez duzuenei. Gure egoeragatik kezkatzen zareten eta laguntza eskaintzen duzuen guztioi. Gugan sinesten eta denon mendia den hau zaintzen eta maitatzen duzuen guztiei. Proiektu hau hasi zenetik hor egon zaretenei eskerrak eman, ez amore emateagatik, nahiz eta traba asko agertu aurrera jarraitzeagatik.

Lagundu ez digutenei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, bizitza honetan ez dela ezer erraza eta azkeneraino borrokatu behar dela erakusteagatik. Eta ez izan dudarik orain arte egin dugun moduan borrokatuko garela sinesten dugun honegatik; beraz, artzain eta abeltzainak segi dezagun borrokan amorerik eman gabe!".

Bidali:  

Erantzunak

Nerea Goikoetxea eta Haizea Arruti | 2018-11-05 : 11:04

Aralar, oparo denontzat!

Aitortu beharrean gaude: poza sentitu dugu artzainen bi alabek Aralarrekiko azaldu duten berebiziko lotura eta atseginari buruz irakurtzen hasi garenean. Eta bat egin dugu beraiekin, makina bat baikara Aralarrekin gozatzen ohitutakoak eta egoskor jarri zaigunean penatu ere behar izan dugunak. Harrotasun horrekin bat egiten dugu, pozarren!

Baina, ez dugu urrunegi joan beharrik izan, altura oniriko horietatik lurreratzeko, izenburuko harrotasuna laineza bihurtu zaiela konturatzeko. Garbi daukagu guk ere mendi honen beharra dugula, ziur gauden bezala alderantzizkorik ez dela ematen: Aralarrek ez du gure beharrik, inondik ere; Natur Parkeak abeltzainen edo beste edozein 'sektoreen' beharrik ez duen bezalaxe.

Saiatuko gara gure ikuspegia argitzen: naturataz ari garenean, ingurune fisikoaz ari gara eta baldintza horietan bere kasa bizi diren landare eta animaliei buruz, mendeetan zehar gizakiarengandik mesede baino, kalte gehiago jaso duten horietaz. Eta Aralar Natur Parkea izendatu bada, galtzeko arriskuan jartzeraino kaltetu ditugun elementu horiek babesteko izan da, ez azienda edo hor aipatzen den sektorea suspertzeko. Horretarako badira beste bide batzuk eta, hala behar izanez gero, berriak ezartzeko aukerak ere sortu beharko dira, terreno batzuei lotuta hala behar izanez gero, baina ez da kasua. 

Aurrekoa esanda, uste dugu ganaduak ere bere lekua eduki dezakela Aralarren, are gehiago, naturguneak egun dituen hainbat osagaientzat mesedegarria ere badela aitortzea atsegin dugu, baina bere kudeaketa beste elementu guztiekin bateragarria egiten denean bakarrik. Ez bestela. 

Natur baliabideek behar zuten antolaketa orain dela 24 urte bihurtu zen arau Aralarren eta garbi geratu zen gizakiok inguru horretan zer egin genezakeen eta zer ez. Besteak beste, bertako ondare hauskorrenak itzulezineko kalteetatik babesteko mugak eta debekuak ezarri ziren orduan. Aralarren pistak eraikitzearen kontrako jarrera Eusko Jaurlaritzak bertako natura babesteko ezarri zituen arauak betetzeko eskarian oinarritzen da soilik, ez leporatzen diguten erradikal batzuen egoskorkerian.

Egin den pistak hainbesteko inpakturik ez duela sortu diote, eta eragindako zauriak sendatuko direla. Ez dakigu zein arrazoietan oinarritzen diren hori esateko, baina bistakoa dena da Foru Aldundiko Ingurumen Sailekoak azken urte hauetan buruhauste ugari izaten ari direla pistak baimendu ahal izateko, argitaratu dituzten itxuragabekeri eta kontraesanak justifikatu ezinean.

Bidezkoa iruditzen zaigu bakoitzak bere interesa defendatzea, baina denona den lurralde batean lehenik interes orokorra defendatu behar delakoan gaude. Eta ez dugu onartuko denon interesa zaindu behar luken administrazioak interes partikularrak, bidezkoenak ere, ondare naturalaren gainetik jartzea, azken honen kalterako. Eta natura babesteko arauak behin eta berriro urratzearen aurkako borrokan jarraituko dugu, denon kaltetan dela pentsatzen dugulako. Artzainekin batera bada atsegin handiz eta, hala ez balitz, bakardadeak ematen digun kemenarekin.

Nerea Goikoetxea (Arama) eta Haizea Arruti (Itsasondo)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu