Pedro Muñoz: "Gustura eta konfiantzarekin nago"

Uztarria.eus 2018ko aza. 1a, 13:40
Pedro Muñoz atleta.

Pedro Muñozek (Azkoitia, 1973) 10.000 metroko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen asteburuan, Getxon (Bizkaia). Lehen aldiz irabazi du proba hori Xeye atletismo taldeko kideak, eta "gustura" dago lortutakoarekin. Azpeitiko bizilagunak 32 minutu eta 30 segundo behar izan zituen lasterketa bukatzeko.

Zer esan nahi du zuretzat proba irabazi izanak?

Test txiki bat egitea nahi nuen, neure burua frogan jartzeko. Izan ere, laster krosen denboraldia hasiko da, eta zer moduz nagoen ikustea nahi nuen. Aurreneko 5.000 metroak 16minutu eta 30 segundoan egitea nahi nuen, eta azken 5 kilometroak pixka bat azkarrago egitea; hau da, 16 minutuan. Lortu nuen helburutzat jarri nuena, eta sentipen oso onarekin gelditu nintzen. Dena den, marka pixka bat hobetzea bazegoela iruditzen zait, baina zapatuan eguraldi oso txarra egin zuen –haize handia, euria...–, eta joan nintzena baino azkarrago ezin nuen joan.

Zertarako balio izan dizu larunbateko testak?

Pare bat aste barru krosen denboraldia hasiko da, eta ondo etortzen da horrelako proba bat egitea denboraldia hasi baino lehen. Entrenatzen-eta ondo ari naiz, baina beti izaten dut kezka hori, ea nola egongo naizen. Orain, gustura eta konfiantzarekin nago.

45 urterekin, bolada nahikoa onean zabiltzala esan daiteke.

Bai [barreak]. Oso ondo ari naiz entrenatzen, baina errekuperazioan antzematen dut adinaren eragina. Entrenamendu gogor bat egiten badut, hurrengo egunean nabaritu egiten dut. Baina beno, garrantzitsuena minik ez hartzea eta horrela segitzea da. Entrenatuz gero, emaitzak antzeman egiten dira. Jardutea da sekretua.

Nola entrenatzen zara?

Astean sei aldiz entrenatzen dut; beste eguna atseden hartzeko aprobetxatzen dut. Adinean aurrera noanez, eta ja lehen bezain azkarra ez nagoenez, pixka bat aldatu egin dut aurten entrenatzeko modua. Astean pare bat aldiz serieak egiten ditut, eta kilometro dezente egiten ditut astero; guztira, ehun bat kilometro.

Aurrera begira, zer asmo dituzu?

Azaroaren 11n nazioarteko kros bat jokatuko dut Atapuercan [Burgos, Espainia], eta horren ondoren, Gipuzkoako krosetan parte hartuko dut. Iaz bigarren egin nuen Gipuzkoako absolutu mailako txapelketan, eta ja beteranoa naizen arren, oraindik ere absolutuekin lehiatzen naiz.

Aurten, lehen postuan bukatzea al duzu helburu?

Hori zaila izango da. Nahikoa da edozein lesio txiki agertzea gauzak nahi bezala ez irteteko. Helburua disfrutatzea eta lehiatzea da.

Aspalditik aritzen zara korrika. Noiz hasi zinen?

14 urterekin hasi nintzen, eta aurten 30 urte bete ditut federatuta. Aurrena Iraurgin aritzen nintzen, eta orain Xeyen. Oso gustura nago.

Zer ematen dizu korrika egiteak?

Dena; emaztea eta lagunak, besteak beste. Min hartuta nagoenean oso gaizki pasatzen dut. Behar dut egunero zerbait egitea. Deskonektatzen laguntzen dit.

Asko lesionatzen zara?

Asko ez, baina urtero zerbait izaten dut. Asko entrenatzen ari zarenean, errazagoa izaten da min hartzea.