Dagoeneko eman daiteke izena XVIII. San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus 2018ko aza. 2a, 11:25
Iazko San Silbestre lasterketako irudia.

Kirolprobak.eus webgunean eman daiteke izena bederatzi euroren trukean, eta Internet bidezko izen-emate epea abenduaren 29an itxiko dute. Abenduaren 30ean eta 31n ere eman ahal izango da izena, hamabost euroren trukean. Aurten, guztira, 900 dortsal kaleratuko dituzte. Bestalde, Txolartek eta Xeyek elkarlanean antolatutako inklusioaren aldeko lasterketa ere egingo dute. 500 metroko probarako ez da izena eman behar.

Urteari bukaera korrika eginez eman nahi diotenek aurten ere izango dute horretarako aukera; izan ere, Xeye atletismo taldeak, Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin eta Azpeitiko Udalaren babesarekin, San Silbestre lasterketaren hemezortzigarren edizioa antolatu du abenduaren 31 eguerdirako.

Dagoeneko zabalik da lasterketa herrikoian izena emateko epea; hain zuzen ere, Kirolprobak.eus webgunean eman daiteke izena bederatzi euroren trukean, eta Internet bidezko izen-emate epea abenduaren 29an itxiko dute. Dena den, probaren bezperan eta egunea bertan ere eman ahal izango da izena, Azoka Plazan. Igandean, abenduaren 30ean, 17:00etatik 20:00etara, izango da horretarako aukera, eta abenduaren 31n, astelehena, 10:00etatik 11:30era bitartean. Bi egun horietan izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dute dortsala. Aurten, guztira, 900 dortsal kaleratuko dituzte, eta 2005. urtea baino lehen jaiotako herritarrek parte hartu ahal izango dute lasterketa nagusian.

Bestalde, aurten ere izango da Txolartek eta Xeyek antolatutako inklusioaren aldeko lasterketa irekia. Proba horrek ez sailkapenik izango, eta ez da izenik eman beharko bertan parte hartzeko. 500 metroko lasterketa 11:30ean hasiko da plazatik, eta bertan amaituko da. Proba horretan haurrek ere parte hartu ahal izango dute.