Arantzazu Araneta: "Sekulako adrenalina sortzen du rallyetan ateratzeak"

Uztarria.eus 2018ko aza. 1a, 10:30
Araneta eta Agirre, lehen aldiz rally batean atera ziren egunean. (Arantzazu Araneta)

Jokin Agirre bikotekidea ondoan duela parte hartzen du rallyetan, kopilotu lanetan. Urte askoan horretan jarraitu nahi du. 2018ko Uztarria aldizkariaren Zu zeu atalerako egin zion elkarrizketa hau Ihintza Elustondo kazetariak.

Nolatan hasi zinen rallyetan parte hartzen?

Etxean afizio handia dago, aita rallyak antolatzen-eta ibiltzen da, eta txikitatik gustatzen zaizkit autoak. 2013an, Jokinen lagun batek lasterketetarako autoa utziko zigula esan zigun, baina baldintza batekin: ni Jokinen alboan ateratzea. Ez nintzela ausartuko pentsatzen zuten, baina atera egin ginen.

Zer sentitu zenuen lehen aldi hartan?

Sekulako adrenalina; hori sortzen du rallyetan ateratzeak. Arriskuarekin jolasten dugu, eta mugan ibiltze hori gustatzen zait. Probatuz gero denoi gustatuko litzaiguke.

Beldurrik ez al duzu sentitzen?

Ez, segurtasun neurri handiak hartzen dira eta. Urte batean autoa irauli zitzaigun, eta Jokinek ez zuen minik hartu; nik, berriz, lepoan izan nuen min pixka bat. Ondo babestuta joaten gara, eta, horregatik, autoari zerbait gertatzea izaten da gure beldurrik handiena.

Zer autorekin ateratzen zarete?

BMW M3 batekin. Maitasun berezia diogu; gure txikia da, ume bat bezala.

Zein da kopilotu baten zeregina?

Gidariaren begiak eta belarriak izatea. Biek konfiantza handia izan behar dute elkarrengan; gu, bikote izanda, ondo ulertzen gara.

Ez al duzue inoiz pentsatu gidariak eta kopilotuak truk egitea?

Gustatuko litzaidake, baina ez dakit presioa aguantatuko ote nukeen; izan ere, jendeak asko kritikatzen du gidariak egiten duena. Dena den, nahiko nuke emakume kopilotu bat ondoan dudala ateratzea. Jokinekin ere  gustatuko litzaidake, baina ilusioa egingo lidake emakumeen taldea osatzeak.

Ez da emakume asko ibiltzen mundu horretan, ezta?

Gero eta gehiago, baina, orokorrean, gizonak irteten dira. Uste dut afizio hau amatasunarekin uztartzea zaila dela, eta horregatik dagoela hain emakume gutxi.

Inoiz irabazi al duzue lasterketarik?

Ez, laugarren amaitu genuen behin. Euskal Herrian maila handia dago, eta zaila da irabaztea.

Ez al da afizio garestia?

Oso. Baina ematen didan guztiarekin, uste dut merezi duela gastatzen dugunak.