'Gure oroitzapenak' filma emango dute igandean eta astelehenean Soreasun

Uztarria.eus 2018ko aza. 1a, 10:10

Film bakarra emango dute asteburu honetan Soreasu antzokian: Gure oroitzapenak (2018, Euskal Herria). Joseba Sarrionandia idazlearen obran oinarritutako film kolektiboa da Gure oroitzapenak, eta hain zuzen ere, "irudirik ez duen" poetaren obrari jarri nahi izan diote irudia honako hamabi zinemagile hauek elkarlanean: Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna Iza, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela eta Maialen Sarasuak.

Igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) eskainiko dute Gure oroitzapenak filma, eta larunbatean ez da emanaldirik izango, XXXVI. Antzerki Topaketak direla eta. Ohi bezala, astelehena ikuslearen eguna izango da.

Honakoa da filmaren sinopsia:

"Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia.

Sarri iruditan agertzea du helburu ‘Gure oroitzapenak’ filmak. Eta nola egiten da hori? Bada, gure ustez, ez da egiten argazki zuri-beltzezko harekin. Edo 2016ko amaieran hainbat hedabidetan agertutakoaz. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, Sarri iruditan jartzeko gure modua, bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzea izango da.

Horren asmoz, Euskal Herriko eta beste zenbait herrialdetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen dute proiektu hau. Proiektuan parte hartzen duten zinegile guztiek badute harremanik poetarekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena…".