Kexa, Julian Elorzan zakurrek eragiten dituzten kalteak direla eta

Uztarria.eus 2018ko urr. 31a, 11:12

Herritar batek Uztarriara igorri duen kexa da honako hau. Azken hilabeteetan, batez ere "eguraldi ona" egiten duenean, Julian Elorza hiribideko plazan "zakur ugari" lotu gabe ibiltzen direla salatu du herritarrak. Haren arabera, zakurren "topagune" bihurtu da Julian Elorzako plazatxoa, auzoko zein inguruko bizilagunen zakurrak elkartzen baitira han. Herritarrak azaldu duenez, jabeetako batzuk ez dira arduratzen animalien kakak jasotzeaz, eta salatu du zakurrek gauetan "izugarrizko zarata" sortzen dutela, "bizilagunen atsedena" oztopatuz. "Jabeek ulertu behar dute zenbaiti ez zaiola gustatzen zakurrak ondoan eta lotu gabe edukitzea. Gainera, ez ditugu zertan jasan haien zaratak eta kakak. Dena libre al da, bada?", esan du. Hori hala izanik, zakurren jabeei eskatu die "errespetu gehiago" izan dezatela.