Hamasei upategiren ardoak dastatu ahal izango dira XIII. Libre Ardo Dastaketa Egunean

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 18:30
XIII. Libre Ardo Dastaketa Egunaren antolatzaileak.

Bost euroren truke, bost ardo probatzeko aukera izango da larunbatean plazan, 11:30etik aurrera. Gehienak urteroko ardo berberak izango dira, baina izango da berrikuntzarik: Ijalba upategiaren ardo ekologikoak. Euskal Herriko VI. Txorizo Egosiaren Lehiaketa ere egingo dute; inoiz baino partaide gehiago izango da aurten.

XIII. Libre Ardo Dastaketa Eguna eta Euskal Herriko VI. Txorizo Egosiaren Lehiaketa egingo dituzte larunbatean, azaroak 3, Azpeitian. Festa giroan, askotariko ardoak eta gazta nahiz txorizo pintxoak dastatzeko aukera izango da plazan, 11:30etik 14:30era bitartean. Gaur eman dituzte egun horren inguruko xehetasunak Mikel Ibartzabal eta Ainhoa Beristain Azpeitiko Udaleko zinegotziek, Maria Jesus Olano Gaixo eta Elbarrien aisi taldeko kideak, Zigor Odriozola Odriozola ardoakeko arduradunak, Imanol Amenabar Libre dinamikako ordezkariak eta Begoña Galarraga Errezilgo Azokako kideak.

Hamasei upategitako ardoak dastatu ahal izango dira larunbatean. Odriozolak azaldu duenez, horietako gehienak urteroko berberak izango dira –gehienak Errioxa jatorri izenekoak–. Dena den, aurtengoan izango da berrikuntzarik: Ijalba upategiaren ardo ekologikoak dastatu ahal izango dira. "Jendeak gero eta kontzientzia handiagoa du produktu ekologikoen inguruan, eta herritarrek hala eskatuta  erabaki dugu upategi horren ardoak eskaintzan sartzea. Errioxan upategi ekologiko gehiago dauden arren, Ijalba izan zen mundu horretan hasten lehena, eta gure ustez, haiek dituzte gaur egun mahastiak-eta txukunen". Upategi horren bi ardo dastatu ahal izango dira: txuri bat eta kriantza bat. Horrez gain, Portugalgo Quinta do Barco ardoa ere probatu ahal izango da.

Seigarren urtez jarraian egingo dute Euskal Herriko Txorizo Egosiaren lehiaketa zapatuan, eta aurtengo edizioan, inoiz baino parte hartzaile gehiagok eman dute izena: 33k, hain zuzen ere –iaz 31 partaide izan ziren–. Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorriko dira harakinak, eta Ibartzabalek nabarmendu du txapelketa indarra hartzen ari dela urtez urte. 10:30ean hasiko dira epaileak txorizoak dastatzen. Txorizo irabazlearen egileak txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, udalaren garaikurra jasoko dute, eta txapelketara aurkezten diren harategi guztiei diploma bana emango diete. Iazko hiru irabazleek beren txorizoa saltzeko postuak jartzeko aukera izango dute larunbatean plazan. Lehen aldiz eman diete antolatzaileek horretarako aukera, eta datozen edizioetan ere gauza bera egiteko aukera izango dute aurreko edizioko aurreneko hiru sailkatuek.

Bost ardo, bost eurotan

Gazta dastatzeko aukera ere izango da larunbatean; izan ere, Errezilgo Azoka elkarteko emakumeek gazta postuak jarriko dituzte plazan. Guztira, bost postu jarriko dituzte. "Herritarrek gazta mundua ezagutzeko eta gazta pintxoak dastatzeko aukera ona izango dute. Horrez gain, jendearekin harremanak egiteko ere aberatsa da guretzat egun honetan parte hartzea", adierazi du Galarragak. Bestalde, Gaixo eta Elbarrien aisi taldeko kideek Txorizo Egosiaren Lehiaketan parte hartuko duten harakinen txorizoarekin egindako pintxoak salduko dituzte. Olanok azaldu duenez, urtean zehar gaixo eta elbarrituekin hainbat ekintza antolatzen dute: bi elkartasun egun, Lourdesko Amaren Egunez topaketa eta Lourdesera lau eguneko erromesaldia. Haren arabera, ekintza horiei aurre egiteko ondo etortzen zaie Ardo Dastaketa Egunean beren lanaren truke biltzen duten dirua.

Libre dinamikaren izenean hitz egin du Amenabarrek, eta Orkatz kultur elkartearen egoera ekarri du gogora: "Libre dinamikako kideoi ondo etortzen zaigu plazan presentzia izatea. Izan ere, bide batez, herriari gogorarazten diogu oraindik ixteko arriskuan dagoela herriko taberna, Orkatz kultur elkartea, Espainiako Justiziak hala erabaki zuelako bere garaian ezohiko egoera batean. Hori dela eta, bertako langileak edozein momentutan kaleratuak izateko arriskuan bizi gara. Injustizia hori salatzeko, hainbat ekintza ematen dugu aurrera urtean zehar, eta Ardo Dastaketa Eguneko laguntza ere ondo etortzen zaigu".

Ardo dastaketa 11:30ean hasiko da, eta bost eurotan kopa eta bost txartel eskuratuko dituzte bertaratzen direnek. Pintxoek, berriz, euro bat balioko dute, eta ogitartekoak ere erosi ahal izango dira.

Hona hemen larunbatean dastatu ahal izango diren ardoen izenak:

  • Finca Marquesado ondua, Marquesado upategia (Errioxa).
  • Eguren Ugarte ondua, Eguren Ugarte upategia (Errioxa).
  • Inurrieta Orchidea (Sauvignon Blanc), Inurrieta upategia (Nafarroa).
  • Inurrieta Cuatrocientos ondua, Inurrieta upategia (Nafarroa).
  • Hermanos Lurton (verdejo), El Albar Lurton upategia (Rueda).
  • Lan D-12 ondua, Lan upategia (Errioxa).
  • Lan ondua, Lan upategia (Errioxa).
  • Alba Vega albariño, Alba Vega upategia (Rias Baixas Errioxa).
  • Rioja Vega ondua (tempranillo), Alba Vega upategia (Rias Baixas Errioxa).
  • Valcuerna ondua, Valcuerna upategia (Errioxa).
  • Madam txuria, Valcuerna upategia (Errioxa).
  • Zinio ondua, Patrocinio upategia (Errioxa).
  • Zinio txuria, Patrocinio upategia (Errioxa).
  • Ijalba Cuvee ekologikoa, Ijalba upategia (Errioxa).
  • Ijalba Genoli txuria, Ijalba upategia (Errioxa).
  • Cune ondua, Cune upategia (Errioxa).
  • Viña Real ondua, Viña Real upategia (Errioxa).
  • Ostatu, Ostatu upategia (Errioxa).
  • Cerro Añon, Olarra upategia (Errioxa).
  • Pierola, Pierola upategia (Errioxa).
  • Solaguen, Solaguen upategia (Errioxa).
  • Quinta do Barco, Jfs Sociedad Vinicola Lda (Manhente, Barcelos).