Azpeitiko osasun zerbitzuetako bostetik langile batek ez du hizkuntza eskakizunik

Uztarria.eus 2018ko urr. 31a, 13:12
Azpeitiko anbulatorioa.

Azpeitiko anbulatorioko eta larrialdi zerbitzuetako langileen hizkuntz eskakizunen ehunekoa, Uemako udalerri guztien batez bestekoaren oso parean dago. Izan ere, Uemaren arabera, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuetako bost langiletik batek ez du hizkuntza eskakizunik. Azpeitiko anbulatorioan 35 familia medikuk, pediatrak, erizainek eta harrerako nahiz larrialdi zerbitzuetako beharginek egiten dute lan, eta horietatik zazpik ez dute dagokien hizkuntz eskakizuna. Datu ezkorrena Azpeitiko larrialdi zerbitzuetako langileena da; zortzi mediku eta erizainetik lauk ez dute hizkuntza eskakizuna.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek Uema osatzen duten 86 herrietako osasun zerbitzu publikoetako langileen hizkuntz eskakizunak aztertu dituzte. Uemak bi urtez behin egiten du behaketa, eta aurtengoan familia medikuak eta pediatrak ez ezik, erizainak, harrerako langileak eta larrialdi zerbitzuetakoak ere izan dituzte kontuan azterlana egiterakoan. Uema osatzen duten 86 herrietan 616 beharginek egiten dute lan arlo horietan, eta horietatik 133 langilek (%21,6) ez du hizkuntza eskakizunik.

Azpeitiko kasua antzerakoa da langile horien hizkuntz eskakizunei dagokionez; izan ere, Azpeitiko anbulatorioan 35 familia medikuk, pediatrak, erizainek eta harrerako nahiz larrialdi zerbitzuetako beharginek egiten dute lan, eta horietatik zazpik ez dute dagokien hizkuntz eskakizuna (%20). Anbulatorioko larrialdi zerbitzuetan lau medikuk eta lau erizainek egiten dute lan, eta erdiek –bi medikuk eta bi erizainek– ez dute hizkuntz eskakizuna. Datu hori da ezkorrena; izan ere, azpeitiarrei ez ezik, larrialdi zerbitzuetara Azpeitira etortzen diren inguruko herrietako biztanleei ere eragiten die horrek.

Bestalde, bederatzi familia medikutatik bik ere ez dute dagokien hizkuntza eskakizuna, ezta hamar erizainetako batek ere. Horiez gain, orain arte lanean aritu diren hiru pediatretako batek ez zuen betetzen hizkuntz eskakizuna, baina aldatu dute, eta hirurak euskaldunak dira gaur egun. Azken datu horri lotuta, Josu Labaka Uemako lehendakariak nabarmendu du herritarrek urteetan eskatu dutela pediatra guztiak euskaldunak izatea, eta gaur egun hala direla azpimarratu du.

Labakak azaldu duenez, oro har, Osakidetza "pausoak" ematen ari da osasun zerbitzuak euskalduntzeko, baina gaur-gaurkoz, hutsuneak "nabarmenak" dira oraindik ere. Hark dioenez, arazoaren oinarriari heldu behar zaio, eta azaldu du unibertsitatean "apustu serioa" egin beharra dagoela profesionalek euskaraz formatzeko aukera duina izan dezaten eta profesional euskaldunek Osakidetzan lana euskaraz egin ahal izan dezaten. Bestalde, Labakak gogorarazi du hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jar daitezkeela herritarrak.