'Hitza eta ekintza' jardunaldiak antolatu dituzte Azpeitiko eta Zestoako Gaztetxeek azarorako

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 12:35
Jardunaldiak iragartzeko egin duten kartela.

Hiru solasaldiko hitzaldi sorta prestatu dute gazte asanbladek, Euskal Herriko 70. eta 80. hamarkadetako mugimendu autonomoa, nazio auzia eta klase borroka ardatz hartuta. Azpeitiko Gaztetxean hasiko dira jardunaldiak larunbatean, 1966-70. Etxebarrieta anaien garaia hitzaldiarekin. Emilio Lopez de Adan Beltzak eskainiko du solasaldia, 11:00etan hasita.

Iazko azaroan egindako Ereindako hazietatik iraultza loratuz jardunaldien ostean, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek beste hitzaldi sorta bat prestatu dute aurtengorako, Hitza eta ekintza izenburupean. Hiru solasaldiko hitzaldi sorta prestatu dute, Euskal Herriko 70 eta 80. hamarkadetako mugimendu autonomoa, nazio auzia eta klase borroka ardatz hartuta. Horretarako, denbora historiko zehatzei erreparatuko diete, hainbat militante eta ikerlariren eskutik. "Prestatutako hitzaldi zikloa datu biltze eta esperientzia kontaketa hutsetik harago kokatzea nahi dugu, Euskal Herriko esperientziak ardatz hartuta, egungo militantzia eremuetan jaso ditzakegun ikasketak gaurkotzeko", azaldu dute Azpeitiko eta Zestoako Gaztetxeetako kideek. Asanbladetako gazteek uste dute badela "zer ikasi" 70. eta 80. hamarkadetako mugimendu ezberdinen esperientzietatik, "teorian zein praxian".

Zapatuan, azaroaren 3an, hasiko dira Hitza eta ekintza jardunaldiak, Azpeitiko Gaztetxean. Egun horretan, 11:00etan hasita, 1966-70. Etxebarrieta anaien garaia hitzaldia eskainiko du sasoi hartan ETAko militante izandako Emilio Lopez de Adan Beltzak. Jardunaldien antolatzaileek aurreratu dutenez, "ETAren V. biltzarreko ebazpen teorikoen zein auzi praktikoen gainean" mintzatuko da Beltza. Azaroaren 10ean, berriz, Zestoako Gaztetxera iritsiko dira jardunaldiak. Egun horretan, Mugimendu autonomoa 80. hamarkadan Euskal Herrian solasaldia eskainiko du Likiniano elkarteko Juantxo Estebaranz ikerlariak, 11:00etatik aurrera. Mugimendu autonomoen esperientzien berri emango du Estebaranzek. Hirugarren eta azken hitzaldia Azpeitiko Gaztetxean izango da. Bertan, nazio auziaz eta langileriaren antolaketa politikoaz mintzatuko dira, gaur egungo egoera politikoari begira jartzeaz harago. Nazio auzia eta klase borroka egungo politikan izenburupean antolatu dute hitzaldia, eta 11:00etan hasiko da.

Azpeitiko zein Zestoako Gaztetxeek herritarrei dei egin diete jardunaldietara anima daitezen: "Hitzaldi ziklo honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, soilik historiaren ikasketaren bitartez ikusiko dugulako egon badaudela egungo errealitate gordinari aurre egiteko moduak".