Anjel Larrañagak egindako bidea borobiltzen duen disko-liburua kaleratu dute

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 11:35
Disko-liburuaren aurkezpeneko irudia. (Maxixatzen)

Anjel Larrañaga bertsolari eta pandero jotzailearen ibilbidea jaso dute 'Lana festa bihurtuz' disko-liburuan. Azpeitiko bizilagunaren biografia, ingurukoen iritziak eta abestien hitzak aurki daitezke lanean.

Anjel Larrañaga (Azkoitia, 1947) bertsolari eta pandero jotzailearen ibilbidea borobiltzen duen Lana festa bihurtuz disko-liburua kalean da. Besteak beste, Tomas Soraluze Epelde trikitilariaren ondoan eta Kupela taldean egindako lanagatik da ezaguna musikaria. Joxean Agirre azpeitiarrak idatzi du liburua, eta Lankuri esker argitaratu dute. Joan den ostiralean aurkeztu zuten disko-liburua Azkoitiko Urrategi auzoan, bertso eta trikiti munduko hainbat lagun bertan zirela. Esker hitzak izan zituen Larrañagak: "Orain arte egindako lanak merezi izan du hauxe ikusteagatik bakarrik; portatu zarete eta eskerrik asko denoi".

Urteotan egindako lana borobiltzeko zerbait egitea nahi zuen Larrañagak, eta hortik sortu da proiektua. Besteak beste, Larrañagaren biografia, adituek hari buruz idatzitako iritziak eta diskoetako abestien hitzak jaso dituzte liburuan. Diskoa, berriz, azkoitiarrak bakarka kaleratu duen lehena izan da. Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek eta Eusko Jaurlaritzak lagundu dute disko-liburua argitaratzen.

Lau zatitan banatu du lana idazleak. Lehen zatian, Andoni Egañari eta Anjel Valdesi egindako elkarrizketak ageri dira. Larrañagak bertsoak egiteko dituen teknikak azaltzen ditu Egañak; Valdesek, berriz, Kupela fenomenoa nola sortu zen aztertu du. Liburuaren bigarren zatian, Larrañagaren bizipenak kontatu ditu idazleak. Hirugarren zatian, berriz, ingurukoen iritziak jaso dituzte. Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, Epelde eta Xabier Alberdi Zabale dira iritzi emaileak, Larrañagaren trikiti mundua ulertzeko ezinbesteko musikariak. Azken zatian, Larrañagak orain arte argitaratutako bederatzi diskoen bertsoak eta hitzak jaso dituzte.

Disko-liburua salgai dago dagoeneko. Ohiko liburu dendetan, Tirikitrauki musika dendan, Azpeitiko Meola tabernan, Aristerrazun (Aia) eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) Zubiondo tabernan eros daiteke, 22 eurotan. Bestalde, ETB1eko Oholtzan saioa grabatuko dute larunbatean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita, eta Larrañagak azken diskoko abestiak eskainiko ditu zuzenean bertan.