GHK-k helegitea jarriko dio Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetu dituen epaiari

Uztarria.eus 2018ko urr. 29a, 17:26
Errazkin eta Intxaurrandieta beraiei babesa emateko EH Bilduk Azpeitian egindako ekitaldian.

Gaur egin dute ez-ohiko batzarra GHK-ko kideek, eta PSE-EEren eta EAJren aldeko bozekin (%55,6) onartu dute Espainiako Kontu Auzitegian helegitea aurkeztea. Erabakiak berarengan eta bere familiarengan izan dezakeen eraginaz ohartarazi du Intxaurrandietak batzarrean, nahiz eta ez den GHK-ko kide gaur egun. EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute batzarra hasi aurretik, eta horiek azaldu dutenez, "ulertezina" izateaz gain, "arduragabekeria politikoa" da mendekuaren bidea hartu izana.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) helegitea jarriko dio Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari. Gaur, astelehena, egin dute ez-ohiko batzarra GHK-ko ordezkariek, eta PSE-EEko eta EAJko kideek errekurtsoa aurkeztearen aldeko boza eman dute –botoen %55,6 osatzen dute horiek–; kontra bozkatu dute batzarrean izan diren ordezkarien %10,2k. Helegitea Espainiako Kontu Auzitegian bertan aurkeztuko dute.

Erabakiak berarengan eta bere familiarengan izan dezakeen eraginaz ohartarazi du Intxaurrandietak; izan ere, hark hitza hartu du gaurko batzarrean, nahiz eta egun ez den GHK-ko kide. Jose Ignacio Asensio GHK-ko lehendakariaren arabera, epaiak ez ditu aintzat hartu sistema judizialeko organo gorenak, hala nola EAEko Auzitegi Nagusia. Izan ere, Asensiok azaldu duenez, auzitegi horrek eman zuen epaian "argi" azaldu zuen "botere desbideraketa" egin zutela GHK-ren aurreko agintariek: "Horrek erraustegia kudeatzen zuen sozietatean "milioietako galera" eragin zuen eta Gipuzkoako herritarrek egin behar izan diote galera horri aurre".

EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute batzarra hasi aurretik, eta horiek azaldu dutenez, "ulertezina" izateaz gain, "arduragabekeria politikoa" da mendekuaren bidea hartu izana, Kontu Auzitegiaren epaiak guztiz baztertzen baititu Errazkinen eta Intxaurrandietaren aurkako akusazioak. "Akordioaren eta eztabaidaren bidea baztertu eta mendekuaren eta gatazkaren bidea aukeratu dute. Epaia irakurri duen edonor jabetuko da hau guztia zentzugabea dela". EH Bilduko kideak Intxaurrandietarekin elkartu dira gaur goizean (argazkia), eta batzarrean parte hartu duten ordezkarietako bat izan da Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.

EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek, hau da, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen zuen akusazioak Errazkinentzat eta Intxaurrandietarentzat, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eraman zituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara.

Dena den, joan zen urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena. Apirilaren 12an epaitu zituzten bi lagunak Madrilen, eta Errazkini eta Intxaurrandietari arrazoia eman zien epaitegiak. Izan ere, auzitegiak ontzat eman ditu EH Bilduko agintari ohien argudioak, eta errugabetu egin ditu erraustegi plantaren proiektua bertan behera uzteagatik leporatzen zitzaizkien kontabilitate erantzukizunetatik. Auzitegiak ebatzi zuen erraustegiaren proiektua "gaindimentsionatuta" zegoela. Gainera, epaian jasota dagoenez, erraustegia gelditzeko hartutako erabakiak onura ekarri zion Gipuzkoari, proiektua martxan jartzeak kalte ekonomiko handiagoa eragingo zuelako.