1766ko matxinada, oholtzara

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 12:55

"Matxinoak matxinada!" oihuak hartu zuen Azpeitiko Soreasu antzokia joan den larunbatean. Historiak, musikak eta antzerkiak bat egin zuten oholtzan, Imanol Elias historialari zenak idatzitako Matxinada obran oinarritutako herri antzerkiari esker. Lan horrek ireki zuen XXXVI. Euskal Antzerki Topaketen teloia. Soreasu jendez goraino bete zen Kultur Mahaiaren ekimenez herritarrek gorpuztutako antzezlana ikusteko. Hilabeteetan zehar egindako lan mardulak fruituak eman zituen. Emaitza ikusita, "sentipen ederrarekin" gelditu dira Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikari Xabier Gantzarain zein obra egokitzeaz arduratu den Alaitz Olaizola idazlea.

Matxinada obran parte hartu zuten ehundik gora lagunek abestuz eta antzeztuz irudikatu zuten 1766. urtean Azpeitian eta Azkoitian jauntxoen kontra jazotako altxamendua. Oholtzan izan ziren, besteak beste, Eliasen alargun Itziar Oiarzabal zein Olatz Prat eta Felipe Murillo abeslariak, herriko hainbat kultur taldeko kideekin batera. Gantzarainek kontatu duenez, Prat eta Murillo ikuskizuna gorpuzteko lanean aritu den talde motorreko kide izan dira, eta "azpimarratzeko lana" egin dutela nabarmendu du. Era berean, Unai Frantzesenaren lana goraipatu du Gantzarainek. Izan ere, hark sortutako abestiek indar handia dute Matxinada obran; musikak lotzen ditu pasarteak.

Estreinatu berri duten obrak herritarren artean "harrera ona" izan duela pentsatzen du Olaizolak: "Bi kontu entzun ditut gehienbat. Alde batetik, ikuskizunak jendearen aurreikuspen guztiak gainditu dituela esan didate. Handia izan zela. Eta, bestetik, herri honetan aktore lanetarako eta kanturako dagoen talentua izugarria dela". Olaizolaren hitzetan, "ez da harritzekoa" horrelako laudorioak entzutea, Matxinadan parte hartu zuten lagunek aktore jarrera erakutsi baitzuten". Antzeko erreakzioak jaso ditu Gantzarainek. Gainera, obra berriro egiterik izango al duten galdetu diote zenbait lagunek. "Asteetan zehar hartutakoko lanaren ostean, parte hartzaileek antzezlana berriro egiteko grina dute, eta horrela erakutsi digute. Ez dakigu zer egingo dugun, ordea. Dena den, herritarrak antzezlana berriro egiteko gogotsu agertzea seinale ona da", dio Gantzarainek.

Historiaren pasarte bat gogoratu ez ezik, herritarrak kulturara lotu ditu beste behin Azpeitiko Kultur Mahaiak.

Matxinada ikuskizuna bideon jaso dute Kulturazek, Uztarriak eta Urola Kostako Hitzak, eta datozen egunetan aterako dute labetik. Honako argazki bilduma hau Alberto Beloki argazkilariak Kulturaz kooperatibarentzat Matxinada obraren estreinaldian ateratako zenbait irudirekin osatu du Uztarriak. Emanaldiko argazki guztiak, hemen.