'Julenen Magia' ikuskizunarekin agurtu dituzte Liburutegien Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzak

Uztarria.eus 2018ko urr. 29a, 13:39

Urriaren 24a Liburutegien Nazioarteko Eguna izan ohi da, eta joan zen ostiralean amaitu zen Udal Liburutegiak egun horren harira prestatutako egitaraua, Julenen Magia ikuskizunarekin. Ehundik gora haur eta gaztetxo bertaratu zen Azpeitiko mago gaztearen emanaldia ikustera, eta liburutegiko erabiltzaileek "ezin hobeto" agurtu zituzten urriaren 24aren bueltan prestatutako ekintzak.

Liburutegiko arduradunek adierazi dutenez, aurten "oso harrera ona" izan dute Liburutegien Nazioarteko Egunera begira prestatu dituzten ekintza guztiek. Bost egunetan, herriko ikastetxeetako ikasleen zortzi bisita jaso zituzten, eta orotara 200 ikasle inguru izan zen liburutegia eta bertako jarduna ezagutzen. Eskulan tailerrak 34 haur elkartu zituen, eta 130 ume inguru izan zen ipuin kontaketaz gozatzen. Urtero gisan, Goienetxe fundazioko eta San Martin egoitzako erabiltzaileek ere liburutegira bisita egin zuten joan den astean, eta 25 lagun elkartu zen literaturaren bueltan. 

"Jendetsuak" izan dira, beraz, aurtengo ekintzak, eta Udal Liburutegiko arduradunak "pozik" agertu dira antolatutako egitarauak izandako harrerarekin. Era berean, gogoratu dute aste honetan bertan zein datozenetan ere egongo dela zer egin eta zertaz gozatu liburutegian. Gaur, esaterako, 4 urtekoentzat ipuin kontaketa izango da liburutegian, Lupe Lekuonak gidatuta, 18:00etan hasita. Urriko eskaintzarekin amaitzeko, marrazketa saioa egingo dute urriaren 31n, Haur Txokoan, 17:30etik aurrera.