Urola Kostako odol emaileek batzar nagusia egin dute gaur goizean, igandea, Loiolako Gogartetxean. 25 aldiz edo gehiagotan odola eman duten Urola Kostako 183 lagun aitortu dituzte, eta diplomak edota intsigniak jaso dituzte Loiolara bertaratu direnek. Aurten, 43 azpeitiarrek jaso dute errekonozimendua.
Eguerdirako elkartu dira Urola Kostako odol emaileak Loiolan, eta meza egin dute basilikan. 13:00etan hasi da batzarra, eta Azpeitikoei ez ezik, Azkoitiko, Zestoako, Aizarnazabalgo, Errezilgo, Getariako, Itziargo, Zarauzko eta Zumaiako odol emaileei ere egin diete aitortza. Ondoren, bazkaria izan dute guztiek Kiruri jatetxean.